Proba Zimizargatik Muliatera iritsiko da, eta San Nikolas zubitik sartuko da Alde Zaharrera. Helmuga Harresilandan izango du.
Korrikalariak Zimizarga auzotik hurbilduko dira Alde Zaharrera
Zortzigarrenez egingo dute igandean Talaia Trail mendi lasterketa eta, ohikoa denez, probaren amaierak trafikoan eragingo du. Batetik, ostiralean Harresilandako aparkalekuko ibilgailuak erretiratu beharko dira. Bestetik, igandeko 11:30etik 14:00etara gutxi gorabehera, Javier Ugarte kaletik Alde Zaharrera doazen ibilgailuen sarrera murriztuko da. Azkenik, lasterketak zeharkatuko dituen kaleetan arretaz ibiltzea eskatu du Hondarribiko Udalak.
Kirolariak animatzera joan nahi izanez gero (eta mendira igo nahi ez baduzu), honako ibilbidea egingo dute azken metroetan:
Zimizargatik iritsiko dira, errepide azpiko igarobidetik Muliate inguruan agertuz. Ttarrattenea eta Saindua kaleetan metro batzuk egin ondoren, Tximista kalea igo eta jaitsiko dute, eta San Nikolas zubitik Alde Zaharrean sartuko dira. Hirigune historikoan, Leiba generaletik Murru kalera joango dira, eta handik Harresilandako helmugaruntz, Santa Maria arkuaren azpitik igaroz.