Hurrengo partida beste aurkari zuzen baten kontra du Ohorezko Mailako taldeak, Beti Gazterekin.
Zortzi partida geratzen dira liga bukatzeko eta zortzi talde daude mailari eusteko borrokan
Hirugarren Mailatik talde gipuzkoar bat jaitsiko balitz, lau izango lirateke Ohorezko Mailatik Preferentera jaitsiko liratekeenak. Une honetan Oiartzun da atzetik laugarrena, 30 punturekin, Beti Gazterekin berdinduta. Real Unionek 31 ditu, eta Hondarribiak, Aretxabaletak eta Añorgak 32.
Azken hirugarrenak, Urolak, 23 ditu, eta zail du aurrekoak harrapatzea, baina Union, Oiartzun eta azkenaren kontra jokatu behar du azken zortzi partidetan; hor erabakiko dira bere aukerak. Atzerago, Vasconia 19rekin dago, aurkari zuzenen kontrako partidak irabaziz gero, oraindik salbatzeko aukerekin, baina ia ezinezkoa du lohitik ateratzea, 11 puntura duelako salbazioa.
Eta Touring dagoeneko Preferenteko taldea da. Hori da panorama Ohorezko Mailako erditik behera, jokatzeko 24 puntu geratzen direnean (
ikusi sailkapena)
Hondarribiak azkenaren kontra jokatu zuen larunbatean eta ez zuen hutsik egin. 1-3 irabazi zuten hondarribiarrek Oreretako Fanderian. Hiru puntuek Urolarengandik gehiago aldentzeko balio izan zuten, baita hamargarrenarekin berdindu eta jaitsiera ekiditeko borrokan talde gehiago inplikatzeko.
Hurrengo partida beste final bat izango da berdeentzat. Beti Gazteren kontra jokatuko dute larunbatean etxean.
Nesken porrota
Erregionaleko taldeak Eibarren hasi du igoera faseko bigarren itzulia. 5-0 galdu zuten hondarribiarrek liderraren etxean, eta hurrengo partida bigarrenaren kontra dute. Asteburuan, Anaitasuna izango dute bisitari Hondartzan.