Mariasun Quiñones, Ion Areitio, arraun elkartea, nautikoa, 'Aristi' eta Miguel Angel Izquierdorentzat izan dira III. Olazabal Kirol Sariak.
Egiten dutenaz gozatzeko eskatu zien Txema Olazabalek harrobiko kirolariei
Mariasun Quiñones (emakume kirolaria), Ion Areitio (gizonezkoa), Hondarribia Arraun eta Itsaskari Baita (kirol elkarteak), eta Jose Javier Aristizabal
Aristi eta Miguel Angel Izquierdo (kirolarekin zerikusia duten pertsonak) saritu dituzte Hondarribiko kirol sarien hirugarren ekitaldian.
Sei saritu, lauren ordez, baina seiak merezitakoak, zalantzarik gabe. Eta gogoetarako irudi bat: auditorioa erdi hutsik. Ostiralean banatu zituzten III. Olazabal Kirol Sariak Itsas Etxea Auditoriumean. Ez ziren une politak faltatu, baina zatirik handienean marmotaren eguna berriro bizitzen ari ginelako sentsazioa nabaria zen.
Ondo Oihan Vega aurkezlea, bereziki sarrerako zatian. Ederra Bideosarek herriko kirolariekin eginiko bideoa. Eta oso aberasgarria Txema Olazabali grabaturiko elkarrizketa, nahiz eta, golfista auditorioan izanda, arraroa den elkarrizketa grabatua proiektatzea.
Hortik aurrera, ekitaldiak aurreko bien antza handiegia izan zuen. Txomin Sagarzazu alkatearen eta Olazabalen diskurtsoen ondoren, azken biurtekoan nabarmendutako kirolariei diplomak banatu zitzaizkien, eta hor iritsi zen galako lehen ahulunea. Batetik, kirolarien lorpenak ez zirelako aipatu, eta kirolarien ibilbidea ezagutzen ez duenak ez duelako ulertzen zergatik banatzen ziren diploma horiek. Eta bestetik, kirolari asko ez zirelako azaldu, eta horietatik gehienek ez zutelako ordezkaririk bidali. Kontuan izan behar da, sariekin ez bezala, diplomak jasoko dituztenek aurretik badakitela, maila jakin batetik gorako txapelketak irabazitakoei banatzen baitzaizkie.
Hirugarrenez banatu dira diplomak, eta hirugarrenez gertatu da gauza bera. Gainera, Vegaren gidoia idatzi zuenak zinegotzien ordenan okertu zen, duela bi urteko protokolo akats bera errepikatuz.
Euskararen presentzia
Diplomen banaketa bukatu arte euskararen presentzia handia zen galan. Vegaren umorezko tarteak elebitan ziren arren, aurkezpena euskaraz egin zuen, Olazabalen bideo elkarrizketa euskara hutsean izan zen, eta golfistaren eta Txomin Sagarzazuren hizketaldiak elebitan.
Baina diplomen ondoren, eta sarien banaketaren aurretik, aurten ere, Iñaki de Mujika irrati esatariaren hizketaldia iritsi zen. Hiru ekitaldietan hirugarrenez igo da atrilera kazetaria. Horrek, euskarari kalte egin zion nabarmen, baita ekitaldiari berari ere, ulertzen zaila delako hirugarren hizketaldi horren beharra.
Hirugarren Olazabal Kirol Sarien galak sei saritu eta gogoetarako beharra utzi ditu, duela bi urteko akatsak errepikatu direlako aurten ere. Gainera, harmailak erakutsi zuenez, formatua, galarena behintzat, agortuta dago.
Aldaketa ezinbestekoa da. Seniorretatik hasi eta beheko mailetaraino, goi mailako kirolariak daude Hondarribian. Horrek kirolaren festa bat merezi du, eta ez beraiek erakartzeko gai ez den ekitaldi bat.