Eskifaiaren Elkartearen eliz musika zikloaren lehen asteburuan Tolosako eta Irungo abesbatzek kantatuko dute Kale Nagusiko parrokian.
Tolosako Kea Ahots Taldeak irekiko du 36. ekitaldia
Urtetik urtera aldatzen da, batzuetan lehenago eta beste batzuetan geroago, inoiz ez da beti leku berean erortzen aste santua. Baina bada formula noiz izango den jakiteko: Hondarribiko Eliz Musikaldia pasata. Horrek ez du hutsik egiten.
Ezin da Hondarribia aste santuko ospakizunik gabe ulertu, eta ezin da aste santua ulertu aurretik Eskifaia Elkarteak, udalaren eta parrokiaren laguntzarekin, eliz musika zikloa antolatzen ez badu. Aurten 36.ez egingo da Hondarribiko Eliz Musikaldia, herriko eta inguruko zaleen gozamenerako. Izan ere, gisa honetako Euskal Herriko ziklorik zaharrena da, eta hala izaten jarraituko du zaleek hutsik egiten ez duten bitartean.
Azken urteotako formulari jarraituz, bi asteburutan banatuko da zikloa, lau kontzertu guztira, bihartik hasita. Asteburu honetan, Tolosako Kea Ahots Taldeak eta Irungo Nayade igoko dira parrokiko aldarera.
KEA Ahots Taldeak irekiko du zikloa, larunbatean. Erreferentziazko ganbera abesbatzetako bat da Espainiako Estatuan. Hamabi abeslari profesionalek osatua da eta 1997an sortu zuten David eta Enrique Azurzak. Euren errepertorioan Errenazimendu eta Barrokoko musika nabarmentzen da, baina XX. eta XXI. mendeetakoarekin uztartuta.
Igandean, Nayade irundarren txanda izango da. Bi hamarkada bete berri dituzte eta azken urteetan sari dezente pilatu dituzte hainbat lehiaketetan. Askotariko errepertorioa interpretatzen dute, bai
a capella, bai instrumentuen laguntzarekin; autore klasikoenen obra folklorikoak nahiz polifonikoak abesten dituzte, baina konpositore berriak ahaztu gabe.
Kontzertuak 19:30ean hasiko dira, eta musika zaleei pixka bat lehenago agertzea eskatzen zaie, emanaldia hasi aurretik esertzeko lekua aurkitu dezaten.
Elkartasun keinua
Zikloan zehar, Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldearentzat dirua bilduko da, Grezian abian dituzten proiektua laguntzeko. Kontzertuaren aurretik, kutxatxoak jarriko dira parrokiko sarreran, nahi duenak elkartasun keinua egin dezan. Hondarribia-Katsikaseko boluntarioak izango dira bertan, elkarteari buruzko informazioa banatzen.