Blaganek antolatuta, Rosa Arburua idazle eta irakaslea Bidasoan egiten zen pertsonen kontrabandoaz mintzatuko da gaur Kultur Etxean.
Portugesen kontrabando lineak nola funtzionatzen zuten azalduko du Rosa Arburuak
Blagan Euskara Elkarteak antolatuta, Rosa Arburua idazle eta irakasle bidasoarrak hitzaldia emango du gaur (osteguna) Kultur Etxeko 103 gelan, 19:30ean.
Euskal Herriko Mugaz gaineko portuges pasan liburuaz mintzatuko da. 2011 urtean Jose Antonio Loidi Bizkarrondo beka irabazi zuen eta 2014an Luis de Uranzu Bidasoako Ikaskuntzen Aldizkarian argitaratu zuen. Gerora, portugesez eta frantsesez ere jarri da salgai.
Salazarren diktadura garaia landu zuen Arburuak liburuan. Garai horretan ia milioi bat portuges atera zen bere herritik, miseriatik eta kolonietako gerrara bidaliak ez izateko ihesi. Pasatzaile sarea osatu zen, eta Bidasoa eskualdeko biztanle askok parte hartu zuten bertan. “Ohiko kontrabandoan aritzen ziren asko ibili ziren beste kontrabando horretan, uste nuena baino askoz gehiagok”, onartu du Arburuak.
Gaurko hitzaldian, linea horiek —linea deitzen zieten— nola egituratzen ziren azalduko du. Liburua idazteko dozenaka elkarrizketa egin zituen idazleak, “mugako nahiz lineetako pasatzaileei, portugesei, hemengo hainbat apaizei, jende arruntari, Renfe eta SNCFko langileei, kontrabandista eta gero pasatzaile izandakoei…”.
Bihar, Arburuari eginiko elkarrizketa luzea argitaratuko du Oarso Bidasoko HITZAk, papereko edizioan.