Hondarribiko pentsiodunen mugimendua ordainsari duinen alde mobilizatu da laugarrenez jarraian. Oraingoan, Kasino Zaharrean elkarretaratu dira.
Hondarribiko pentsiodunak eguerdian, Kasino Zaharreko lorategietan
Hondarribiko pentsiodunen mugimendua ordainsari duinen alde mobilizatu da gaur, laugarren astelehenez jarraian. Oraingoan, Kasino Zaharra Adinekoen Etxearen kanpoaldean elkarretaratu dira. Aurretik,
udaletxeko arkupeetan bitan eta
Damarri plazan, aurreko astean, elkartu ziren.
Espainiako Enplegu ministro Fatima Bañezek gutuna helarazi zien urtarrila bukaeran pentsiodunei, %0,25eko igoera iragarriz. Ordutik, protestak zabaltzen joan dira, eta marroi koloreko xingola borrokaren ikur bilakatu da. Gaur, Hondarribiko Kasino Zaharrera eraman dute pentsio duinen eskaera.
KPIa erreferentzia bezala hartzea eskatu eta gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea exijitzen dute pentsiodunek. Izan ere, hori da Europako Gutun Sozialaren gomendioa Espainiako estatuari dagokionez.