Hondarribia FEko Ohorezko Mailako taldeak Urolari irabazi dio, eta sei puntara zabaldu du bi taldeen arteko tartea.
Partida irabazi behar zuen taldeak, eta ez zuen hutsik egin
Lehen finala irabazi du Hondarribia FE-k. Maila mantentzeko borrokan, Ohorezko Mailako taldeak aurkari zuzen baten kontra jokatu zuen larunbatean Hondartzan. Urolari 3-2 irabazi zion, eta sei puntura zabaldu du bi taldeen arteko tartea. Gainera, Vasconia 10era utzi dute berdeek, Oiartzunekin berdindu, eta hamargarren postutik garaipen batera jarri dira.
Partida hasi bezain pronto maldan gora jarri zitzaion etxeko taldeari, Urola aurreratu baitzen markagailuan. Nolanahi ere, etxekoek azkar berdindu zuten, 8. minutuan, Txakak buruz errematatutako korner batean. 23.ean Xabik bigarrena sartu zuen, eta 2-1eko emaitzaren joan ziren bi taldeak aldageletara.
Jarraipenean hirugarrenaren bila atera zen Hondarribia, eta hamargarren minutuan Mikelek gauzatu zuen, talde-jokaldi bikain bat burutuz. Azken minutuetan Urolak lerroak aurreratu zituen, eta hondarribiarrek emaitza babesten saiatu ziren. 85. minutuan bigarrena sartu zuten Zumarragako taldeak, baina ez zuten gehiagorako denborarik eduki.
Hurrengoa, beste final bat
Hondarribia hamahirugarren dago sailkapenean, lau talde ditu atzetik. Horrek esan nahi du bere esku duela mailari eustea, aurkariek lortzen dituzten puntu kopuru berarekin helburua gauzatuko lukeelako. Horretarako, hurrengo partida irabazi behar dute berdeek, Touringen kontrakoa.
Oreretarrek hiru puntu baino ez dituzte lortu orain artean, azkena azaroaren 19an. Azken hamalau partidak galdu dituzte, bi gol sartu eta 66 jasoz. Urolak eta Beti Gaztek elkarrekin jokatzen dutela kontuan izanik, Errenterian irabazteak mesede handia egingo lioke Hondarribiko taldeari.