Hondarribiko Pilota Eskolak Euskal Herriko txapelketa bat lehen aldiz irabazteko aukera izango du bihar Jostaldi pilotalekuan.
Adi bihar (larunbata) Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan gertatuko denari. Zesta-puntako Euskal Herriko kluben arteko txapelketako kadeteen eta gazteen finalak jokatuko dira 17:00etatik aurrera, eta kadeteetan, etxeko bikote bat izango dugu kantxan. Hondarribia eta Donostia Jai Alai artean erabakiko da txapelketa. Gazteen finalean, Iruñeko Euskal Jai Alai eta Markina lehiatuko dira.
Lehen aldia da Hondarribiko Pilota Eskolako bikote kadete batek EHko ligan jokatzeko sailkatu dena; horrekin konforme ez, eta finaleraino sailkatu dira Ander Portu eta Julen Basterra. Kluben artean ez dago handiagorik kadeteetan, munduko bi bikote onenak aurrez aurre, eta horietako bat etxekoa.
Hondarribiko Pilota Eskolako presidente Iñigo Salaberriaren hitzetan, “mugarri oso garrantzitsua” da Portuk eta Basterrak ezarri dutena: “Denbora luzean klubean erakutsi zaien konfiantza ondo oinarrituta zegoela erakutsi digute. Duela 5-6 urte ez zekiten ezer ere ez, ez zekiten zesta zer zen, eta pixkanaka-pixkanaka bidea eginez goraino iritsi dira”.
Salaberriarentzat, “meritu handikoa” da bi gaztetxoek egin dutena, baina nabarmendu du pilota eskolaren zesta diziplina oso une onean dagoela. Kadeteez gain, senior mailako bikote bat ere aritu da aurten EHko ligan, eta beste datu bat eman du presidenteak: “Dagoeneko izena eman dugu zestako Euskal Herriko Herriarteko Txapelketan parte hartzeko, Hondarribiak parte hartuko du txapelketa horretan. Zer esan nahi du horrek? Ba maila guztietan lehiatzeko moduko bikoteak ditugula”.
Une gozoa bizi du Hondarribiko zestak, eta bihar horren lekuko izango dira Jostaldira hurbiltzen direnak. 17:00etan hasiko da jaialdia eta lehen partida da hondarribiarrena. Salaberriak dei egin die hondarribiarrei, bihar frontoira hurbildu daitezen. Eta nabaritu dadila harmailatik zeintzuk diren etxekoak etxekoak.
Euskal Herriko kadeteen Ligako partida bat, Jostaldin