Harpidedunekin harremana estutzea da 2018ko Oarso Bidasoko HITZAren erronketako bat. 18:30ean da bilera, 103 aretoan.
Oarso Bidasoko HITZA Hondarribiko harpidedunekin bilduko da gaur Kultur Etxeko 103 aretoan, 18:30ean. Ordubete inguruko bilera izango da, gehiago ez, baina HITZArentzat oso bilera inportantea da, eta kudeatzaileak, zuzendariak eta Hondarribiko kazetariak hartuko dute parte.
Bileran, 2018 eta 2019 urteei begira ditugun erronken berri emango da. Horietako bat, hain zuzen ere, harpidedunekin harremana estutzea da, elkar komunikazioa landu. Azken urteetan antzeman ditugun hutsuneak zuzendu nahi ditu HITZAk aurten. Horretarako, besteak beste, datu-basea eguneratu eta osatu nahi dugu, harpidedunen posta elektroniko helbideak bilduz.
Promozioen, asteroko zozketen, deialdi berezien, eta abarren berri emateko modurik eraginkorrena posta elektronikoa da, maila honetan telefono bidezko komunikazioa oso zaila delako. Egun, harpidedun oso gutxiren helbide elektronikoak ditugu eta oso zaila zaigu komunikazio azkarra burutzea. Adibide bat: harpidedun askok ezingo dute gaurko bileraren berri izan haien posta elektronikorik ez dugulako.
Horregatik, papereko Oarso Bidasoko HITZAren harpideduna bazara, edo harpidedunen bat ezagutzen baduzu, mezu hau zabaltzea eskertzen dizugu.