Udaltzainen arabera, zortzi mila pertsonek parte hartu dute martxoaren 8ko Irungo goizeko manifestazioan.
Manifestazioaren burua atzealdearekin gurutzatu den unea
8.000 pertsona. Hori da udaltzainek eman duten datua, ikaragarria. Baina datua ezagutu aurretik ere, gaur goizean manifestazioan parte hartu duten milaka herritarrak zerbait historikoa bizi izan dutelako sentsazioarekin itzuli dira etxera. Zenbat izan diren jakin gabe, bazekiten asko zirela, inork espero zezakeena baino askoz gehiago.
Gehienak irundarrak, noski, baina baita zientoka hondarribiar ere, eta hendaiarrak, eta eskualdekoak ez diren eta bertan lan edo ikasten ari diren dozenaka gehiago. Emakumeak eta gizonak, nagusiak eta gazteak, ikasleak, langileak, pentsiodunak… 8.000 bihotz, uholde morea sortu arte.