Hilaren 16an egingo dute Hondarribiko kirolari onenak saritzeko hirugarren gala. Gonbidapena ezinbestekoa izango da galara joateko.
Hilaren 16an Olazabal Kirol Sariak banatuko dituzte Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean, 19:00etan hasiko den galan. Sartzea doan izango da, baina gonbidapena beharko da ezinbestean. Joateko interesa dutenek Arma Plazako turismo bulegoan eskatu ditzakete gonbidapenak.
Hondarribiko Udalak antolatzen ditu Olazabal Kirol sariak. 2014an egin zen lehen aldiz eta bi urtean behin deitzen dira. Lau sari banatzen dira: emakume kirolari onenari, gizon kirolari onenari, kirol elkarte onenari, eta kirolarekin zerikusia duen pertsonari. Herriko kirol elkarteek eta Hondarribiko kirola lantzen duten kazetariek —HITZA haien artean— proposamenak egiten dituzte eta, ondoren, herritarren bozketa zabaltzen da proposatutako izen guztien artean.
Lehen ekitaldian Claudia Behobide, Hondarribia Arraun Elkartea eta Joseba Llorente saritu zituzten; azken atal horretan Joseba Sarriegi bigarren sailkatua ere saritu zuen epaimahaiak. Bigarren ekitaldian, Lidia Yarza, Ion Areitio, arraun elkartea eta Unai Emery izan ziren sarituak.
Hilaren 16an ezagutuko dira Olazabal Kirol Sarien hirugarren ekitaldiko irabazleak.
II. ekitaldiko sarituak, Txema Olazabalekin eta Txomin Sagarzazu alkatearekin