HITZAko emakumeok ere, planto
HITZAko emakumeok ere, planto
-
Prekaritateak beste edozein emakumeri bezalaxe eragiten digulako. Sektoreko baldintzek eta etxeko lanek zailtzen digute bizitzarako eta geure buruarentzako kalitatezko denbora izatea.
-
Kontziliazioa ezinezkoa delako gure ofizioko lanpostu askotan. Ordutegi aldrebesak, soldata apalak, enplegua eta zaintza bateratzeko zailtasunak… Asko dira haurrak edukitakoan edo norbait zaindu behar dutenean lanbidetik urruntzen diren lankideak, eta horrek ere nahi baino gehiagotan garamatza sexuaren araberako lan banaketara.
-
Emakume gisa egunero sufritzen eta egunkariko langile gisa egunero ikusten ditugun indarkeria matxista mota guztiak eta LGTBIfobia salatu nahi ditugulako. Ez dugulako izan nahi urtez urte zenbatzen ditugun hilketa matxisten konplize.
-
Kazetaritza etikoan sinesten dugulako, egunero saiatzen garelako emakumeei protagonismoa ematen, eta komunikabideetan egiten den objektualizazio ororen aurka gaudelako.
-
Egunkari gisa, gure erantzukizun soziala delako deialdi honen berri ematea. Horregatik, gizonezko lankideek ere gure greba babestea erabaki dute, hurrengo eguneko egunkariaren ardura euren gain hartuz. Haien bidez, ohi bezain zabal eta sakon emango dugu martxoaren 8ko mobilizazioen berri, betiere emakumezko langileon greba eskubidea errespetatuz.
-
Egunkari bat egunero argitara dadin, beharrezkoa da askoren itzalpeko lana. Gure etxean ere, emakumezkoak dira egunkariaren azpiegitura lanak egiten dituzten gehienak: harrera, bezero arreta, administrazioa, telemarketina, publizitatea, zuzenketa, diseinua… Egunerokoan ikusezin geratzen diren lan horiei guztiei aitorpena egiteko modu bat ere bada greba hau.