Txinzerrrek edukiontzi bikoitzak jarri ditu Hondarribiko haur parkeetan. Momentuz, ontzi arinak bereizteko aukera izango da soilik.

Muliate plazan hiru zakarrontzi bikoitz jarri dituzte
Hondarribiko hamasei haur parkeetan zakarrontzi bikoitzak ezarri dituzte, hondakinak bereizteko. Txingudiko Zerbitzuak (Txinzer) erakunde publikoak jarri ditu azken asteetan eta gaur aurkeztu dute iniziatiba, Muliate plazako jolastokian. Bertan izan dira Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea eta Leire Zubitur Txinzerreko kudeatzailea: “Orain arte zakarrontzi bakarra zegoen lekuetan bi zakarrontzi daude orain, horia ontziak biltzeko, eta bestea gainerako guztirako”, azaldu du Zubiturrek.
Zubiturrek jakinarazi duenez, kaleetan botatzen diren hondakin gehienak ontzi arinak dira, eta horregatik hasi dira zakarrontzi horiak jartzen: “Hiri garbiketa zerbitzuak egiaztatu ahal izan du, oro har bide publikoan, eta oso bereziki jolaserako gune horietan botatzen diren hondakin gehienak ontziak izaten direla: ur botilak, gozokien poltsak eta bilgarriak, jogurt potoak eta abar, bereizteko oso errazak direnak”. Hori horrela, haur parkeetan hasi dira zakarrontzi horiak ezartzen: “Espazio publikoetan ere hondakinak gaika biltzeko ohitura hartzen hasteko, pentsatu dugu egokia izango litzatekeela egoteko leku horietan eta hondakin mota horrekin hastea”.
Txinzerreko arduradunak onartu duenez, herritarren eskariz jarri dituzte hondakinak bereizteko zakarrontziak: “Herritarrak horrelakoak jartzeko eskatzen ari zitzaizkigun eta geuk ere ikusten genuen behar hori. Orain herritarren konpromisoa eta laguntza behar ditugu zakarrontzi horiek behar bezala erabil daitezen eta egiaz gaikako bilketa egokia egin dezagun”.