2016an ere urrea lortu zuen, eta aurretik, beste bat Haurren Mailan, eta zilar bat kadeteetan.
Gazte Mailako Espainiako Txapelketan urrea lortu du Maialen Ramos Ama Guadalupekoa klubeko judoka irundarrak. Pinton (Madril) egin dute txapelketa asteburuan, eta Ramos -63 kiloetan lehiatu da.
Hirugarren eta azken urtea du Ramosek Gazte Mailan eta bigarrenez geratu da Espainiako txapeldun —Haurren Mailan beste urre bat du (2012), eta zilar bat kadeteetan lortua (2014)—.
Duela bi urte lortu zuen Gazte Mailako lehen urrea; iaz zazpigarren geratu zen Vlada Kopnyayeva txapeldunarekin final laurdenetan galdu eta gero. Aurten mendekua hartu du irundarrak, finalerdietako borrokan Kopnyayevari irabazita.
Finalean Maria Ramos valentziarrari gailendu zitzaion Hondarribiko taldeko kirolaria. Euskadiko federazioak lortu duen metal bakarra izan da Amako ordezkariarena. Hondarribiko taldearekin entrenatzen den Vega Sanchez-Prieto errioxarrak brontzea jantzi zuen -70 kiloetan.

Maialen Ramos, Espainiako Txapelketako podioan (arg: Gabi Juan/RFEJUDO)