25 urte bete dira Hondarribiko Psilocybe Musika Elkartea sortu zutenetik, hamarkada bat Psilocybenea entsegu eta kontzertu aretoa estreinatu zutenetik.
Psilocybe Elkarteak 25 urte beteko ditu aurten, Psilocybenea aretoak hamar
Hogeita bost urte beteko ditu aurten Hondarribiko Psilocybe Musika Elkarteak, eta hamar urte elkarte horrek kudeatzen duen Psilocybenea kontzertu aretoak. Mende laurdenean gorabehera asko izan ditu Psilocybek, batzuek utzi dute, beste batzuk hasi dira, taldeak desagertu, eta berriak sortu. Baina
Psilo-k bizirik dirau, eta beste 25 urtez nahi du jarraitu. Hori bai, odol berria behar dute horretarako, eta gazteengan dute esperantza.
Egun Marmoka taldeko frontmana den Koldo Emeryk Beti Mugan talde mitikoan hasi zuen musika ibilbidea. Beretzat ere urte berezia izango da 2018a, 25 urte beteko dituelako Psilocybe Elkarteko kide bezala. “Jendeak entseatzeko lokalak behar zituelako hasi zen —gogoan du—. Talde asko ginen, jende asko, eta horregatik elkartu ginen, lokalak lortzeko”. 1993an sortu zen elkartea baina olatua lehenago hasi zen altxatzen: “1985etik aurrera institutura atzerriko musika iristen hasi zen, Ingalaterratik batez ere: The Clash, Sex Pistols… gero Iron Maiden, AD/DC… Irunen taldeak sortzen hasi ziren, eta hemen kaseteak eta gero biniloak partekatzen hasi ginen”.
Atzera begira jarrita, gauzak zenbat aldatu diren nabarmendu du Emeryk: “Hastapenetan gazteek ez zituzten gaur ditugun baliabide elektronikoak, eta ez zegoen lokalik. Tabernak bai, Uxoa, Lagunak, Hamlet, Venecia, Hontza, Azken, Naien… taberna batzuetan musika alternatiboa jartzen zuten, horietan elkartzen ginen, horiek ziren musika entzuteko eta musikaz hitz egiteko gure topalekuak, eta gure artean harremanak sortu ziren”. Eta Hondarribiko Rock Taldeak izenean txosna jarri zen herriko festetan: “Hori izan zen abiapuntua”.
Baliabideetan bakarrik ez, harremanetan ere aldatu dira gauzak, bere ustez: “Harremanetan, musikagintzan, eta elkarlanean”. Orduko gauza asko galdu direla iritzi du, baina Psilocybe Elkartearen filosofiak iraun duela deritzo: “Oraindik dirau, badelako jendea aretoaren ardurak eta entsegu lokalenak bere gain hartzeko prest dagoena”.
Auzolana oinarri
Psilocybe Musika Elkarteak mende laurdena beteko du 2018an, Psilocybenea kontzertu aretoak hamar. Mendeluko eskola zaharrean atondu zuten musika elkartearen egoitza, eraikinaren jabe den Hondarribiko Udalarekin hitzartuta. Aretoa irekitzeak mugarria suposatu zuen Psilocyberentzat. Entsegu gelez gain, eszenatokia ere izango zuten aurrerantzean, beraientzat, eta kanpoko taldeentzat. Eta ez zion Hondarribiari soilik eragingo. Esaterako, Irungo Bloody Mary rock saltokiari sekulako aukera irekitzen zitzaion nazioarteko rock taldeen programatzeko, eta Euskal Herriko musika taldeentzat, zuzenean jotzeko.
Biznaga punk talde madrildarra, joan den ostiralean Psilocybenean
Hamarkada batean kontzertu asko jaso ditu Mendeluko salak. Karlos Osinaga
Bidehuts diskoetxeko arduradunak euren 3. urteurreneko festa du gogoan, “2010eko apirileko asteburu batean egindako festa, guretzat oso berezia izan zen”. Festaz gain, aretotik jaso zuen harrera nabarmendu du Osinagak: “Psilocybekoek eman zutena, beti bezala, itzela izan zen, dena errazten. Kobertura osoa. Eta horrelako gauzak ez dira ahazten”.
Anari Alberdik jo zuen festa horretan, eta gehiagoetan pasatu da Psilocybeneako oholtzatik, eta bueltatu ahal izatea nahiko luke: “Niretzat, beti izan da oso berezi sentitu dudan lekua. Musikari lagun asko ditut inguru horretakoak, eta beraietako asko egon dira Psilocyben inplikatuta. Lagun askorekin eta askorentzat jo dugu bertan”.
Lagunartekotasun horrek antzerakoak egiten ditu Bidehuts eta Psilocybe, Osinagaren hitzetan: “Ez gaude industria musikal ofizial batean sarturik, beste plano batean baizik. Elkarlana da mugitzen gaituena. Beraien funtzionatzeko era, gurea bezala, asanblearioa da, batzuetan ez da errazena ados jartzeko, baina ematen diren pausoak libre eta kontzienteak dira”.
Jotzeko, kaxa bat
Naica taldeko bateria eta arkitektoa den Santi Noainek diseinatu zuen Psilocybenea eta, kontzertu aretoaz gain, kamerinoa, hiru entsegu gela —bost taldearentzako bana gutxi gorabehera—, Psilocybina Recordsen grabazio estudioa, eta tabernatxoa ditu. Aretoak ospea du musikarien artean, akustika bikainagatik. 200 lagun eskas sartzen dira, baina, argiak itzaltzen direnean, areto handi batean dagoelako sentsazioa du entzuleak. Ekaitz Agirre donostiarra rock eta metal zalea da, eta kontzertu askotara joateko ohitura du, “hilean hiruzpalau, nahiko nukeena baino gutxiagoetan”. Lezon bizi da eta, inertziagatik, Gipuzkoa mendebaldera edo Bizkaira hurbiltzen da gehiago, baina Hondarribira joan denean gauza batek atentzioa eman dio: “Deigarria egin zait beti Ipar Euskal herriko edo Frantziako jendea entzutea, beti entzun izan dut norbait frantsesez ari dela. Estrategikoki oso kokapen onean dagoela uste dut”.
Kontzertu bat aukeratuz gero, “Anestesiaren kontzertu brutal bat” hautatu du donostiarrak: “Duela bi urte, berriro elkartu zirenean. Sarrera guztiak agortuta eta kriston giroa”. Bisitatu ohi dituen beste aretoekin alderatuta, nolakoa den azaldu du Agirrek: “Aretoa txikia da, baina badu bere puntu hori, zabala delako, egoteko oso erosoa delako”. Oholtzaren gainetik, aldiz, Anarik kutxa bat bezala irudikatu du Psilocybenea: “Lekuarekin pentsatuz gero, kaxa bat ikusten dut. Eta bertan jendea oso bero eta hurbil”.
Erreleboaren beharra
25 urte elkarteak, hamar aretoak, eta 2018an hamabost urte beteko dira Psilocybina Recordsek Orgasmic Toothpicks taldearen izen bereko lana da argitaratu zuenetik. Hura izan zen Psilocybe musika elkartearen zigiluarekin grabatu zuen lehen taldea eta ordutik ia 30 disko ekoitzi dituzte bertan. “Etxeko zigilua da, beste taldeen lanak ere argitaratzen ditugu, baina batez ere etxeko taldeentzako”, azaldu du Iker Alzagak. Egun Tabakalerako ikus-entzunezko sistemen teknikaria da, eta musika talde askorekin dabil soinu teknikari bezala. Mendeluko aretoan ere horretan ibiltzen da, bai kontzertuetan, baita grabazioetan ere.
Teknikariak onartzen duenez, nolabait, Psilocybeko zigiluari zor dio egun Donostian duen lana. “Estudioan hasi nintzen. Eskolan nengoen eta Mikelekin [Ugarte] etortzen nintzen eguerdian, gero arratsaldean eskolara bueltatzeko. 2011n hil zen Ugarte, istripuz, eta berarekin hasi zela betirako gordeta du Alzagak: “Laguna, maisua eta dena zen niretzat, erreferente handi bat, berarekin ikasi nuen dakidan guztia”.
Ordu asko sartzen dtu Alzagak Psilocybenean eta aurten zerbait potoloa egin behar dela sinetsita dago: “Orain hasi gara antolatzen, oraindik ez dakigu zer egingo dugun. Baina badaukagu ideia bat urtea bukatzeko, Psilocybeko oso errekurrentea den jaialdia [barrez], lokaletako jendea elkartu eta bertsioak egin, edo lau kanta bakoitzak… ikusiko dugu”. Horrela esanda gutxi dirudi, baina hamabost talde, zenbait DJ eta talderik ez duten musikari batzuk badirela kontuan hartzen badugu, orduan jada hasi da jaialdia korapilatzen.
Egun horrez gain, musika kalera atera nahi dute, Psilocybenetik herrira eraman, “leku eta formatu desberdinetan jo, aterpean eta aire librean”. Ekitaldi nagusiak abuztu inguruan egingo direla uste du, “horretaz ari gara eztabaidatzen”, baina ospakizunak lehenago hasiko direla ziur dago.
Egitaraua antolatzeaz gain, beste kezka bat dute Psilocybe Elkartean: erreleboa. Elkarteko asko rokero zaharrak dira, eta gazteen beharra dute, jende berria eta estilo berriak lantzen dituzten gazteak. Alzagaren ustez, urteurrena baliatu behar da gazteenganaino iristeko “Psilocybe zer den ezagutu dezaten, eta bertan lekua dutela uler dezaten. Jende berriari ateak ireki behar diegu, jendea etortzea gauzak proposatzera, elkartea herriko eragileei ireki”. Hori da, Psilocybina zigiluko arduradunarentzat, Psilocyberen egungo erronka: “Bizirautea nahi badugu, horrela izan beharko da, gazteak eta jende berria etorrita”.
Koldo Emeryk ere erreleboaren beharra ikusten du: “Psilocybek zutik dirau, eta hori oso albiste ona da. Baina bada zalantza bat, lekukoa nork hartu dezakeen ez dago argi, ez dago jarraipenik. Hau musutruk da, eta jendea erretzen da, jende berria behar da irauteko”.
Psylocybina Records
Bildumak
- Psilocybe Enea (2001). Hainbat talde: Lif, Delhi Considera, Killing Moon, On Elements, Marginalia, Pinbol, Retrovisor, 6 Erru, Semtex, Dut, Kroka’s Band eta Dead Jauregi’s.
- Psilocybe 10 (2003). Hainbat talde: Blood Seekers, Miss Dinamarca, Kalite, kabul, Pinbol, The Coliflowers, Chronic band, Imago 4, OTC, DJ Mau, Beti Mugan, The Killing moon, Gomm, Dut, Orgasmic Toothpicks, On Elements, The Illusions, Semtex, Lif eta Sorotan Bele.
Psilocybe Elkartea. Egungo taldeak eta musikariak
- Marmoka
- Naica
- Kid S3
- Anderground
- Deskode
- Bull eta Ekaitz
- Ed Xanfermin
- Sacco
- Velozet
- Diego
- Artefacto
- Patxuko Nice
- Zura
- Gorpuzkingz
- Mendeku
- The Arritmick’s
- Horzdun
- Elektropatxaranga.
Inkesta
25 urte bete ditu Hondarribikio Psilocybe Musika Elkarteak, eta hamarkada bat Psilocybenea aretoak. Urteurrenean, balantze egiteko eskatu diegu elkarteko lau musikariri.
- Zer da Psilocybenea elkartea zuretzat?
- Mende laurden luze honetan, zerekin geratuko zinateke, zer izan da politena?
- Aurrera begira jarrita, zer hobetuko zenuke edo zertan uste duzu Psilocybek jarri beharko lituzkeela indarrak?
«Gure bidea onartu behar izan dute, jende asko mugitu garelako»
Xabi Strubell. Zura taldeko abeslari eta musikaria
- Elkarte historiko eta mamitsu bat, musikarien beharretik sortua, baina bidean zehar ikusgarritasuna eta indarra eman diguna. Mugimendu soziala garenez, udalarekin tirabirak izan ditugu, baina gure bidea onartu behar izan dute, jende asko mugitu duen ekartea garelako.
- 2003ko urtemuga oso hunkigarria izan zen, talde mitiko pilarekin. Lokalak aurrera eramatea eta aretoa lortzea izan dira mugarri garrantzitsuenak.
- Agian eredu berri bat beharko genuke freskatzeko. Eztabaidan ari gara, prozesu irekia da.
«Elkartean ezagutu dudan jendearekin geratuko nintzateke»
Naia Mandaluniz. Naica taldeko teklista eta Musikeneko irakaslea
- Senar, koinatu eta lagun minekin musika sortzeko eta gure gauzez hitz egiteko gotorlekua da. Lokaleko orduez gain, programatzen diren kontzertuekin gozatzen dugu eta noizean behin tabernari bezala ere aritzen gara.
- Nik zazpi urte daramatzat, eta elkartean ezagutu dudan jendearekin geratuko nintzateke, elkarlana harrigarria delako.
- Talde berri gazteagoak sartzea aberasgarria litzateke, elkartearen erreleboa ziurtatzeko eta gutxienez beste 25 urte gehiago irauteko.
«90. hamarkadan perretxikoak bezala sortu ziren taldeak hemen»
Ernesto Villar. Orgasmic toothpicks, Miss Dinamarca, & the fans… eta Fenomena KEko kidea
- 25 urte iraun duen marka! Horretarako, aktibismoa behar da, eta erakundeen laguntza, eta biak izan ditugu, eta emaitzak begi bistakoak dira.
- 90. hamarkadan mundu mailako booma egon zen, rocka, grungea… eta perretxikoak bezala sortu ziren taldeak hemen. Sortu diren krisiak gainditu ditugu, eta aretoa aurrera pausu oso garrantzitsua izan zen.
- Jende berria sartzea litzateke egokiena, baina ez ditut ikusten. Batzuetan zalantzak ditut Psilocybe rock munduarekin soilik ez ote duten lotzen.
«Herriko gazteon borrokari esker lortutako fruitua da hainbeste irautea»
Garikoitz Arroyo. Horzdun eta Aker Odol taldeetako bateria
- Herri aspergarri honetan gazteon sorkuntza eta gogo artistikoak bideratzeko tresnarik eraginkorrena izan da Psilocybe elkartea.
- Bai Psilocybe Elkarteak, baita Psilocybenea aretoa ere, biak hainbeste urtez irautea, herriko gazteon borrokari esker lortutakoa fruitua da. Niretzat, hori izan da istorio honen alderik politena, borroka horren bidez lortutakoa hainbeste urtez mantendu izana.
- Belaunaldi berriei elkartea zabaldu behar diegu proiektuarekin aurrera jarraitzeko.