Plaiaundiko Ekoetxeak nabarmendu duenez, itsas hegazti migratzaileak behatzeko leku bikaina da Higer lurmuturra.
Ubarroi talde bat, Jaizkibel inguruko zerua zeharkatzen
Plaiaundiko
Txingudi Ekoetxeak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak hegazti behaketa antolatu dute astebururako Higer lurmuturrean. Igandean egingo dute, 10:00etatik 12:00etara, eta Gorka Gorospe ornitologoak gidatuko du ekitaldia. Kanpinaren pareko aparkalekutik abiatuko dira.
Ekoetxeak azaldu duenez, itsas hegaztiak behatzeko leku bikaina da Higer lurmuturra: “Kantauri itsasoko lurmuturrik ekialdekoena da eta paseko itsas hegaztiak ikusteko leku onenetako bat. Zorte pixka batekin, gidari on batekin eta prismatiko eta teleskopioez lagunduta, zangak, gabaiak, altzidoak, kaioak, antxetak, txenadak, marikoiak, ahatebeltzak… ikusteko aukera izango dugu”.
Jarduera doan da, baina ezinbestekoa da izena aldez aurretik ematea. Ekoetxean bertan edo 943 61 93 89 telefono zenbakian egin daiteke.