Amuitz Outrigger Kanoa Klubak surfski topaketa antolatu du iganderako. 30 piraguista inguru espero dituzte eta hondartza pareko olatura igo nahi dute.
Hondarribiko hondartza parean sortzen da Txingudi olatua
Surfski topaketa egingo dute igande goizean Hondarribian. Amuitz Outrigger Kanoa Klubak antolatu du eta gisa honetako lehenengoa izango da herrian. Amuitz elkartea bera hobeto ezagutzeko aukera izango da gainera, iaz sortu baitzen, surfskia eta kanoa hawaiiarra ezagutarazteko.
Amuitzek 30 kirolari inguru elkartu nahi ditu iganderako, eta ordu eta erdiko ibilbidea prestatu du haientzako, badian eta itsaso sarreran. 10:00etan uretaratuko dira eta, itsasoa lagun badute, hordartza parean sortzen den Txingudi olatura igotzeko aukera izango dute piraguistek.
Jarduera eta gero, Txantxangorri jatetxean bazkalduko dute.
Amuitzek, Hondarribiko Udalaren, Euskadiko Kirol Portuak erakundearen eta Amuitz Nautical Experiencesen laguntza izan du jarduera antolatzeko, eta surfski denboraldia abiatzeko balioko du. Nolanahi ere, Amuitz aurrera begira ere jarrita dago, eta lehiaketa eta aisia uztartuko dituen jardunaldi zabal bat ari da prestatzen, udaberri-udarako.