Orain bigarrenaren bila
Hondarribia Eskubaloia taldeak Corazonistasi irabazi dio eta Arrasateren porrota baliatu du sailkapenean hirugarren jartzeko.
Il Capo Hondarribia Eskubaloiak 26-24 irabazi zion igande eguerdian Corazonistas taldeari. Atsedenaldira bost gol aurretik iritsi ziren hondarribiarrak baina talde indartsua da gasteiztarra, jokalari oso altuak dituena, eta bigarren zatian markagailuan asko hurbildu ziren, azken bost minutuetan gol bakarrera jartzeraino. Il Capok azken segundoraino borrokatu behar izan zuen bi puntuak etxean geratzeko, baina helburua lortu zuen. Beste garaipen bat, bosgarrena zazpi partidetan, eta bi berdinketa. Azken hamalau puntuetatik hamabi lortu ditu Il Capo Hondarribiak eta Euskal Ligako hirugarren posturaino igo da, Arrasatek galdu zuela baliatuta. Abenduaren 16an galdu zuen azken partida eta ordutik zortzigarren postutik hirugarrenera pasatu da. Bigarrena, Txikipolit, hiru puntura dago, eta oraindik euren artean jokatu behar dute, baina zarauztarrak ere oso sendo daude eta zaila izango da liga bukatu aurretik hirugarren postua hobetzea. Gainera, atzekoak bultzaka datoz, eta borroka handia egongo da lehen bost taldeen artean geratzeko. Hurrengo partida kanpoan jokatuko du Hondarribiko taldeak, Bilbon, Deustu Loiola Unibertsitatearen kontra. Multzoko eremu lasaian daude bilbotarrak eta Javi de la Hazarenek bolada ona aprobetxatu nahiko dute.