11 eta 14 urte bitartekoek eman dezakete izena, eta ostirala arte dute horretarako aukera. Hurrengo asteazkenean hasiko da tailerra.
11 eta 14 urte bitarteko nerabeentzako (2004 eta 2007 artean jaiotakoak) euskarazko antzerki tailerra egingo dute martxotik ekainera. Hurrengo astean hasiko da, martxoaren 7an, eta ekainaren 20ra arte asteazkenero egingo dute 17:30etik 19:30era, Saindua Udal Gaztelekuan; Gazteen Zerbitzuan (Javier Ugarte kalean) eman behar da izena, edo
Internetez. Tailerraren prezioa 50 eurokoa da, eta 12 lagunentzat mugatua.
Hondarribiko Udaleko Gazteria departamentuak antolatu du eta arloko zinegotzi Arantxa Berrotaranek azaldu du zertarako: “Antzerkiari hurbilketa ahalbidetu nahi diegu gazteei, emozioak adierazteko eta tentsioak askatzeko aukera eman. Hortaz gain, irudimena eta sortzeko gaitasuna garatu nahi da eta gorputzari buruzko kontzientzia hobetu”. Tailerra euskaraz egingo dela gaineratu du Berrotaranek: “Garrantzitsua iruditzen zaigu gazteek taldean lan egitea eta taldean parte-hartzearen esperientzia izatea, eta esperientzia ludiko baten bidez euskara erabili eta trebatzea”.
Mikel Sarriegi hondarribiarrak eskainiko du tailerra. Aktorea eta antzerki zuzendaria da Sarriegi, eta 2015etik Astrolabium Teatro proiektuaren arduraduna. Orain bi urte
E, petrel! Julio Villarrekin solasean bakarkako antzezlana taularatu zuen Itsas Etxean Sarriegik.
Ostirala da izena emateko azken eguna