Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolak egitarau potoloa prestatu du aste honetarako. Kultur Etxeko hainbat txokotara zabalduko dira ekitaldiak.
23 ekitaldi jasoko ditu ‘A tempo’ kultur asteak
Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolak egitarau potoloa prestatu du aste honetarako. Ikasleen musika eta dantza emanaldiak, formazio tailerrak, musika goiztiarreko saio bereziak… Askotariko ekitaldiak bildu dituzte
A tempo kultur asteko egitarauan. Ostiralean aurkeztu zuten Kultur Etxean, eta bertan izan ziren Esther Barandiaran hezkuntza zentroko zuzendari pedagogikoa eta Kalixa Silanes Hondarribiko Udaleko kultura zinegotzia.
Silanesek nabarmendu zuenez, Hondarribiko Musika Eskola 1992an sortu zen, eta handik sei urtera udalak interes orokorreko elkarte izendatu zuen: “Udalak oso balorazio positiboa egiten du 25 urte hauetan pedagogia, musika eta gizarte aldetik egindako ekarpenagatik”.
Barandiaranek aurreratu zuenez, “egun hauetan gure eskolarekin egiten dugun lanarekin gozatzeko aukera izango dugu eskola osatzen dugun guztiok, ikasleak, gurasoak eta irakasleok”. Eta horretarako, 23 ekitaldiz osaturiko egitaraua prestatu dute, ikasleen entzunaldiak gehienak, baina ez bakarrik. Aste berezia izango dela gaineratu du zuzendari pedagogikoak, “partekatzeko, lankideek egiten duten lana ezagutzeko, bakoitzak bere gelan egiten duena, gure artean laguntzeko… mimo eta ilusio handiz prestatu dugu, eta talde osoaren lana da”.
Aste honetan ez da klaserik izango musika eskolan, baina ez dute formazioa alboratuko. Hala, gaur bertan, Igor Carvallo luthierraren bi formazio saio izango dira, eskolako ikasleek eta nahi dutenek musika tresnak egoki mantentzen ikasi dezaten. Gainera, asteazkenerako musika goiztiarreko saio berezia prestatu dute, eta egun berean, 4-6 urte bitarteko ikasleentzako
Zatoz dantzara tailer berezia.
Musika eskolak urtero antolatzen ditu ikasleen entzunaldiak, baina iaz eskolaren ardura hartu zuen lan talde berria zerbait desberdina antolatzen saiatu da, emanaldien espazioetatik hasita. Izan ere, Kultur Etxeko areto nagusia ez da emanaldietarako aukeratu duten gune bakarra. Horrez gain, eskolako atarian, dantza gelan, eta eraikineko beste zenbait aretotan banatu dute egitaraua.
Asteak irauten duen bitartean, bertaratzen direnen iritzia eskatuko du musika eskolak. “Eskolako atarian guztiek erabiltzeko moduko liburu bat egongo da zeuen bizipenak jasotzeko eta hobetzen lagundu diezagukeen guztia proposatzeko”.
Kartela, Santi Noainena
Santi Noain arkitektu, artista eta musikariak —Naica taldeko bateria da— egin du
A tempo kultur asteko kartela. Betikoa ez egiten saiatu dela azaldu du Noainek: “Musika garaikidearen idazkeran oinarritu naiz, zehazki musikagile frantses batek idatzitako partitura batean. Ahaleginak egin ditut betikoa ez egiteko, lan abstraktuagoa da honakoa. Sarritan pentsatzen dugu sinplea eta arrunta dela haurren mundua, baina nik konfiantza osoa dut gure haurrengan eta gazteengan, eta nahiago izan dut gazte horiek sintesirako eta abstrakziorako gaitasun handiko izakitzat hartzea”.