Bigarren zati bikain batek garaipena eman dio Ikasbasketi
Hondarribiko taldeak igoera faseko lehen garaipena lortu du Bilboko La Salle Zurekin taldearen kontra.
Express Hondarribia Ikasbasket taldeak igoera faseko lehen garaipena lortu zuen larunbatean Hondartza kiroldegian, Bilboko La Salle Zurekin taldearen kontra (61-48). Bigarren zati bikain bati esker irabazi zuten Ganix Mironen neskek, atsedenaldira 17-17 iritsi baitziren. Etxeko taldeak ez zuen ondo hasi partida, eta bederatzigarren minutura arte ez zen gai izan lehen saskiratzea sartzeko. Bilboko taldea oso gogor ari zen defendatzen eta hondarribiarrek ezintasuna erakutsi zuten La Salleren laguntzak gainditzeko. Hain ondo ez, baina hondarribiarrek ere ondo ibili ziren atzean, eta oso markagailu motzarekin bukatu zen lehen laurdena (5-11). Bigarren laurdenean bizkaitarren defentsa hobeto irakurri zuten etxekoek, eta aldea murriztu zuten, markagailua berdintzeraino (17-17 atsedenaldian) Aldagelatik bueltan, oso partida desberdina ikusi zuten Hondartzara hurbildu ziren zaleek. Defentsako intentsitatea murriztu gabe, bi taldeak saskiratzen hasi ziren, baina batez ere Ikasbasket, urrutiko marratik bikain asmatuz; hirugarren laurdenean sei puntuko aldea lortu zuen etxeko taldeak. Azken partziala ere fin hasi ziren hondarribiarrek, aldea hamahiru puntura zabalduz. Azken minutuetan bilbotarrek faltak egin behar izan zituzten, eta Ikasbasketek tiro libretik ziurtatu zuen garaipena. Cristina Gozanlez eta Jennifer Zelaieta izan ziren kasbasketen saskiratzaile onenak, 15na punturekin. Hurrengo partida Barañainen jokatuko du taldeak, larunbatean, Lagunak Lakiten kontra.