Ohorezko Mailako taldeak garaipen inportantea lortu du sailkapena estutzeko. Zulotik bi puntura dago taldea, eta 10. postutik hirura.
Sailkapeneko erdialdetik gertuago dago Hondarribia Añorgari irabazi eta gero
Hondarribia Futbol Elkarteko Ohorezko Mailako taldeak garaipen garrantzitsua lortu zuen larunbat arratsaldean Hondartza futbol zelaian. Añorgari 3-1 irabazi zion, eta asteburura arte behintzat jaitsiera postutik kanpora jarraituko du. Zulotik ihes egin nahian dabiltzan taldeek multzoko erdialdekoek baino emaitza hobeak izan dituzte asteburuan, eta sailkapena asko estutu da. Añorga bera izan da kaltetuetako bat.
Hondarribiak partida serioa egin zuen eta, asko borrokatuta, hiru puntu lortu zituen Añorga on baten kontra. Hasi eta segituan malda gora jarri zitzaion partida, 3. minutuan añorgarrak aurreratu zirelako, eta bigarrena sartzeko aukera garbiak izan zituztelako. Lehen 20 minutuetan baloiaren jabetza kanpotarrena izan zena. Hortik aurrera, hondarribiarrak berdinketaren bila joan ziren eta atsedenaldiaren aurretik markagailua iraultzea lortu zuten.
Banakako gola Xabik lortu zuen (33. minutuan), bere markatzailearen akatsa probestuz. Bigarrena Irastorzarena izan zen, ezkerretik iritsi zitzaion aldaratze bikain bat sarera bultzatuz.
Bigarren zatia oso mugitua izan zen, eta jokaldi politak ikusi ziren. Añorgak berdintzeko merituak egin zituen, baina punteria falta izan zitzaion. Partida bukatzeko bost minutu falta zirela, Iñigok hirugarrena egin zuen berdeentzat (ikusi laburpen bideoa
Hondarribia FEren Facebookean).
Zortzi hautagai bizpahiru posturako
Hiru puntuei esker, Hondarribiko taldea 26 puntura iritsi da. Hamalaugarren postuari eutsi dio, eta talde gehiago inplikatu ditu jaitsiera ekiditeko borrokan. Lau dira jaisten direnak eta une honetan laugarrenak, Beti Gaztek, 24 puntu ditu, hondarribiarrek baino bi gutxiago, eta hamargarren sailkatuak baino bost gutxiago.
Hau da, bost puntutan sei talde daude: Oiartzun (29 puntu), Añorga, Aretxabaleta eta Real Union (28), Hondarribia (26) eta Beti Gazte (24). Baina atzetik Urola (22) eta Vasconia (18) datoz. Touring da Preferente Mailan hanka bat duen talde bakarra, 3 puntu baino ez baititu.Hiru jaitsiera postu zehazteko, eta zortzi hautagai.
Gorago, Mutriku eta Amaikak Bat taldeek 35 puntu dituzte, Beti Gaztek baino 11 puntu gehiago. Printzipioz, lasai daude, baina ligaren ia herena geratzen da oraindik, 11 partida.