Euskal Herrian ehortziriko gorputz zaharrenari buruzko erakusketa bisita daiteke Arma Plazan. Jaizkibelgo itsas labarrean aurkitu zuten.
Aranzadik uste du Jaizkibel altxorra dela eta ikertzen jarraitu behar dela
Euskal Herrian ezagutzen den ehorzketa zaharrena da, propio eginiko giza lurperatze antzinakoena. J-3 izena jarri diote eta 2003 urtean agertu zen Jaizkibelgo itsaslabarrean, isilpean gorde den hareharrizko aterpe batean. Eginiko azterketen arabera, bertan agertu den hezurdura duela 8.300 urte inguru bizi izan zen 30-40 urte arteko gizon batena da. Milaka itsaski oskolen artean agertu zen, fetu-jarreran ehortzita, besoak eta hankak lotuta zirudiela, milaka urte geroago beste gizarte batek aurkitzea nahi izango balute bezala.
Juan San Martin idazle eta arkeologo zenak aurkitu zuen hobiratzea 1984an, eta
Aranzadi Zientzia Elkarteak 2002-2003an ikerketa abiatu zuen. Indusketek nahiz atzerrian egindako azterketek emaitza deigarriak eman dituzte: gizaki hori itsasora arrantzara ateratzen zela, eta barnealdera mugitzen ez zela ondorioztatu du Aranzadik. Baina gorpuzkiak agertu izana da harrigarriena, jalkinen garraztasunagatik, Jaizkibelen ez direlako hezurrak kontserbatzeko baldintza onak ematen.
Zergatik iraun duen, nola lurperatu zuten, eginiko azterketek zein emaitza eman duten, eta abar jakin nahi duenak asteburuan du aukera. Aranzadik eta Hondarribiko Udaleko Kultura departamentuak antolatuta,
J3 Euskal Herriko ehorzketarik zaharrena erakusketa bisita daiteke igandera arte Arma Plaza kultur guneko goiko solairuan. Erakusketaren osagarri bezala, Aranzadiko bi kidek, Paco Etxeberria antropologoak eta Alvaro Arrizabalaga arkeologo eta EHUko irakasleak hitzaldia eman zuten ostiral arratsaldean Kultur Etxean. Aztarnategiko zuzendari Maria Jose Iriarte arkeologoa ere bertan zen baina, minez, besaulkitik jarraitu zuen ikerketa kideen jarioa.
Fetu-jarreran ehortzi zuten Euskal Herrian aurkitu den gizaki zaharrena (ilustrazioa: Aranzadi)
Arrizabalagak eboluzioaren grafikoan kokatu zuen aztarnategia, Mesolito garaian (duela 10.000 urtetik hasita duela 6.000 urtera arte). “Paleolitoan jarduera handia izango zela uste dugu, baina orain arte ez dugu zorterik izan. Aldiz, ez genuen Mesolitoko arrastorik espero, eta aurkikuntza harrigarria da”. Zerk egiten duen harrigarria azaldu zuen: “Maskortegi batean azaldu zen, itsaskien milaka oskolen artean, kopuru ikusgarria zen, 35×35 zentimetroko lagin batean 45.000 itsas aztarna zenbatu ziren”. Nonbait, Europako fatxada atlantikoan ohikoa da Mesolitoan ehorzketak maskortegiei lotuta azaltzea, “baina hau da hoberen iraun duena”, nabarmendu zuen arkeologoak: “Oskolek beraiek iraunarazi dituzte hezurrak, milaka oskolen kaltzio-karbonatoak lurraren azidotasuna orekatu dute”, J-3ko gorputza denbora-kapsula batean bezala iraunarazi zutelarik.
Arrantzara ateratzen zen
Mesolitoko gizakia nomada zen, baina, J-3 aztarnategiko hezurduraren estrontzio mailari erreparatuz, gizaki hori ez zen Jaizkibel ingurutik gehiegi mugitu. Hegoafrikan egin zituen Aranzadik azterketa horiek eta Arrizabalagak ezagutarazi zituen emaitzak: “Analisi horri esker jakin dezakegu nondik ibili den gizakia. Jakin dezakegu pertsona hori gutxi mugitu dela aurkitu zen lekutik, eta mugitu bada, kostaldetik egin du albo batera edo bestera. Ulia aldera edo Angeluraino joan da, baina ez da barnealdera sartu, ez Pirinioetara, ezta Gipuzkoako bailaretara”.
Seinale isotopikoak, aldiz, bere elikadura ezagutzeko balio du. Elikagaien urak hezurretan uzten duen marka da, karbono 12 eta nitrogeno 15 baloreak erreferentziazko patroiekin alderatzen dituena. Hezurren analisi bio-molekularrak Kanadan egin zituen Aranzadik 2005ean, eta horiei esker, J-3ko gizakiak bere bizitzako azken hamar urteetan zer jaten zuen jakin daitekeela ziurtatu zuen Aranzadiko kideak: “Sistematikoki eta ia masiboki arraina jan zuen, bere seinale isotopikoa oso markatua da, itsaskiak soilik janez gero ez zen hain markatua izango. Itsaskiak, itsasoko ura eta ur geza nahasten diren guneetan azaltzen dira, seinalea desberdina da”.
Askotariko itsaskien oskolak agertu ziren aztarnategian
Arrizabalagaren ustez, argi dago Mesolito garaian Jaizkibelen bizi zen gizartea arrantzalea zela, eta itsasora joaten zirela arrantzara, “oinarrizko baliabideen bidez, txalupekin”. Arkeologoak azaldu zuenez, ezagutzen diren txalupa edo antzerako ontzien aztarna zaharrenak garai horretakoak dira: “Palestinan piragua bat azaltzen da, Eskozian beste bat, Hego Korean, Suitzako lakuetan… Arrantzara ateratzen ziren, eta itsas milia batzuk urruntzen ziren”. Aztarnategiko aztarrenen artean, muxarren familiako arrainen hezurrak azaldu ziren, itsaskien oskolen artean. Gainera, itsaskiei dagokienez, batez ere lapak jaten zituen arren, bestelako itsaskien oskolak azaldu dira Jaizkibelgo aztarnategian, txirla beltzak, eta abar. Eta datu deigarri bat, “munduan lehenengoetako kasua da gizakia lanpernekin elikatzen dena”, erantsi zuen Aranzadiko arkeologoak.
Nolanahi ere, bere elikaduran arraina eta itsaskiak protagonista izanik ere, duela zortzi milurtekoko gizakia orojalea zen, ekosisteman aurkitzen zuenaz baliatzen zen, basafruituak biltzen zituen, eta animali txiki eta ertainak ehizatzen zituen, basurdeak eta orkatzak, besteak beste.
J3 aztarnategiko hezurduraren erreplika, Arma Plazako erakusketan
Biologiaren ikuspegitik gure oso antzerakoa izango zen
Eboluzioko gizakia ia beti gizajo bat bezala irudikatua izan den arren, Paco Etxeberria antropologoak uste du zoriontsua zela, onurazko ekosistema batera egokituta bizi zelako
Duela 8.300 urte lurperatutako gizaki baten hezur ezpaletatik zerrekin elikatzen zen eta non mugitzen zen ezagutzeko aukera du gizakiak dagoeneko. Arkeologiak eta antropologiak azken hamarkadetan izan duten garapena ikusgarria da. Baina bada gauza bat bi zientzia horiek oraindik egiteko gai ez direna, eta hori historiaurreko gizakiari aurpegia jartzea da; asmatu egin behar izaten dute.
Nolanahi ere, Paco Etxeberria antropologoak aurreko ostiraleko hizketaldian nabarmendu zuenez, eboluzioa irudikatzeko moduan ere jauzia eman da orain gutxi. “Lehen historiaurreko gizakia beti zorigaiztoko bat bezala irudikatzen zen, paria bat bezala, gizajo bat, munduko animali guztiak atzetik segika izango balitu bezala. Orain gutxira arte horrela izan da, Atapuercako indusketen ondoren irudikatu da lehen aldiz gizaki irribarretsu bezala”.
Bere ustez, Jaizkibelgo gizakia zoriontsua zen: “Mediora egokitua zegoen, itsasoaren ondoan, Jaizkibelgo ipar magalean, erreken artean, leku batzuetan ur gezako arrainak harrapatzeko aukera zuen…”. Atzerago joanez gero ere, eboluzioa bere osotasunean hartuta, Etxeberriak ez du arrazoirik ikusten gizakia koitadu bat bezala imajinatzeko. “Duela sei milioi urte, Afrikan, tximino batzuk zeuden zuhaitzetan, oso aldekoa zuten ekosistema batean bizi ziren, eskua luzatzearekin bakarrik behar zuten guztia lor zezaketen. Ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik, zuhaitzetatik jaitsi eta beste gune batzuetara zabaltzen hasi ziren, aldiro ekosistema berrietara egokituz. Hori da eboluzioa».
Gure antzerakoa
J-3 aztarnategian aurkitutako hezurdura gizon modernoarena dela argitu zuen Etxeberriak, gu garenaren oso antzerakoa: “Mesolitoko indibiduo hau gizon modernoa da, gu bezalakoa. Biologikoki ia ez dago inolako desberdintasunik, gure antzerako altuera izan dezake, gurea bezalako hezurdura eta giharrak. Azken 10.000 urteetan jada ez da hainbesteko eboluziorik egon antropologiari dagokionez”.
J-3 aztarnategian aurkitutako tibia zatia, egungo gizaki batenarekin alderatuta
Sozialki bai, ordea, badago aldea, garai hartakoa azken gizarte ehiztari-biltzailea delako: “Nomada dela imajinatu behar dugu, oraindik ez du abererik, baina jakingo du nondik pasatzen diren animaliak, oreinek noiz erditzen duten, noiz dauden espezie jakin bateko arrain gehiago… Ehiztariak dira, ekosistematik bizi dira, kanpalekuan bizi dira, edozein hutsune baliatzen dute bizitokia ezartzeko”. Horregatik, J-3ko gizakia irribarre batekin irudikatu behar dugula erantsi zuen Etxeberriak: “Osasuntsua izango zen, pertsona ona zela [entzuleen barre artean] esango nuke, onurazko ekosistema batean pozik biziko zena”.
Historiaurreko denbora kapsula bat bezala iritsi zaigu J-3 ehorzketako gizakia. 2003 urtetik eginiko indusketetan, eta besteak beste Australian, Hegoafrikan eta Kanadan aztertutako laginetan oinarrituta, gizaki hori inguruari egokituta bizi zela ondorioztatu dute Aranzadiko kideek. Irribarre batekin irudikatu dute. Jaizkibelen itsasoari begira bizi bazen, eta arrainez eta itsaskiz elikatzen bazen, ez dago Paco Etxeberria izan beharrik duela zortzi mila urte Jaizkibelen bizi zen gizakia zoriontsua zela ondorioztatzeko.