Il Capo Hondarribia Eskubaloiak denboraldiko laugarren berdinketa eskuratu du Oñatin. Azken sei partidetan ez du galdu taldeak.
2018an Arrasate liderrarekin ere ez du galdu Hondarribia Eskubaloiak; ordukoa da argazkia
Il Capo Hondarribia Eskubaloiak Aloña Mendirekin berdindu zuen larunbatean Oñatin (27-27). Hori ez da harrigarria, bi taldeak puntutan berdinduta iritsi zirelako partidara eta, gainera, hondarribiarrek berdinketen zale direlako —dagoeneko laugarrena da denboraldian—. Baina harrigarria dena, nabarmentzeko modukoa, Hondarribia Eskubaloiak hartu duen martxa. Azken porrota abenduaren 16an jaso zuten, bi hilabete daramatzate galdu gabe.
Abenduaren 16an etxean galdu zuten berdeek, Txikipolit Zarautzen kontra. Hortik aurrera, jokatutako partida guztietan lortu dute saria, lau garaipen eta bi berdinketa. Bi hilabeteetan, zortzigarren postutik laugarrenera pasatu da taldea, baina igoera askoz nabariagoa da atzerago joaten bagara, hondarribiarrei asko kostatu baitzitzaien erritmoa hartzea.
Lehen bost partidetan ez zen gai izan irabazteko, eta seigarren jardunaldira azken aurreko postuan iritsi zen, bi punturekin. Bigarren itzuliko lehen bost partidetan, aldiz, talde berberen kontra, bederatzi puntu pilatu ditu Il Capo Hondarribiak, lehen itzulian baino zazpi gehiago.
Laugarren, eta hobetzeko aukera
Azken bolada onari esker, laugarren tokian kokatu da Hondarribiko taldea, 24 punturekin bosgarren Aloña Mendirekin berdinduta (
ikusi sailkapena). Atzetik, puntu bakarrera dago Ordiziako Siglo XX, eta bi puntura Urduliz eta Urdaneta. Baina aurretik, Arrasate garaipen bakarrera du, eta bigarrena, Txikipolit, hiru puntura.
Hurrengo hiru partidak atzetik dituen taldeen kontra jokatuko du Hondarribia Eskubaloiak, nahiz eta Euskal Ligan edozeinek menderatu dezakeen edozein. Igandean etxean jokatuko dute hondarribiarrek, Gasteizko Corazonistasen kontra, 12:00etan.