Neska kadeteen taldeko jokalari batek berna-hezurra eta peronea puskatu zituen Intxaurdiren aurkako partidan.
Mutilek ezin izan zuten iazko garaipena errepikatu, eta saririk gabe itzuli ziren Debatik
Hondarribia Futbol Elkarteak azkar ahaztu nahiko du azken asteburua. Batetik, nagusien bi taldeek esku hutsik bukatu zituztelako euren partidak, baina batez ere, beheko mailetako jokalari batek lesio larria izan zuelako larunbatean.
Ohorezko Mailako taldeak 2-1 galdu zuen Deban Amaikak Baten kontra, eta azken partidetako bolada moztuta ikusi du. Real Unionek aurreratu egin du, eta Urola asko gerturatu zaio. Hortzak estutzen jarraitu beharko dute berdeek, ezinbestean.
Eta nesken Erregionalean, Lesakako Beti Gazte hondarribiarrei 0-4 nagusitu zitzaien, partidako lehen bi herenetan aukera ia guztiak etxekoek egin zituzten arren (
ikusi laburpen bideoa). Zigor handiegia taldearentzat, galtzea ere ez zuelako merezi. Nolanahi ere, igoera fasea jokatu ahal izateagatik pozik egon beharko lukete hondarribiarrek.
Lesio larria, kadeteetan
Bi talde nagusien emaitzak alde batera utzita, batez ere Hondarribiak eta Intxaurdik jokatu behar zuten Ohorezko Kadete Mailako partidan gertatu zenak ilundu zuen asteburua. 11. minutuan etxekoen jokalari batek berna-hezurra eta peronea hautsi zituen, eta ebakuntza egin behar izan diote.
Ez zaigu kronika politena atera, baina zuretzat da Saioa. Ondo sendatu!