Oriaren XXIV. Traineru Jaitsiera irabazi du Ama Guadalupekoak, Zierbena, Orio eta Bermeoren aurretik. Neskak bosgarren geratu dira.
Parte hartu duen bi jaitsieretan nagusitu da Hondarribia (arg: Urola Kostako Hitza)
Inoizko estropadarik handienean nagusitu da Ama Guadalupekoa. Orotara, 94 ontzi lehiatu ziren larunbat arratsaldean Oriaren XXIV. Traineru Jaitsieran: lau llagut edota llaut ontzi, gazte eta mistoen bost traineru, 22 beteranoenak, 20 neskenak, eta 43 gizonenak. Azken hauek 6 kilometroko ibilbidea osatu zuten, gainontzekoek laukoa. Seniorretan, San Juanek irabazi zuen neskek proba, eta Hondarribia Arraunek mutilena.
Bost maila, eta bost irabazle. Mediterraneoko ontzietan Capello-Alacantek egin zuen denborarik onena (18:57), gazte-mistoetan Zierbenak (14:37), Beteranoetan Getariak (14:48), emakumeetan San Juanek (14:26), eta gizonetan Hondarribia Arraunek (19:22, 56).
Denboraldiko bigarren estropada izan zen Ama Guadalupekoarentzat, eta lehen aldia Orio eta Bermeo aurkari zituela. Faboritoen zakuan sartzen ziren hirurak, ez ordea Zierbena, bigarren geratu zena; segundo bakar batera helmugaratu ziren bizkaitarrak (1,07). Etxekoek ere maila handia erakutsi zuten, bost segundo galduta. Atzerago geratu zen Bermeoko ontzia, 23ra. Hondarribiko jaitsierako bigarrena, Donostiarra, bosgarren sartu zen Orion, irabazlearengandik 25 segundora.
Kaikuren eta galiziarren faltan —ez ziren larunbatean lehiatu—, Eusko Label Ligako lehen postuetan egoteko hautagaitza aurkeztu zuten Babyauto banderako lehen bost traineruek. Asko falta da oraindik udarako, baina momentuz, inork ez dizkie bi trapu horiek kenduko Mikel Orbañanosen mutilei.
Hondarribiko bigarren ontzia sailkapenaren erdialdean kokatu zen, 23. postuan, 21:03ko denborarekin.
Neskak, bosgarren
Dagoeneko ez da ezustekoa, neguko laugarrena izan dutelako, baina Hondarribiko neskek beste poz bat eman zieten zaleei larunbatean. Bosgarren geratu ziren hondarribiarrak, San Juan, Orio, Donostia Arraunlagunak eta Hibaikaren atzetik. Arrosekiko 45 segundo galdu zituzten Iker Cortesenak, Hibaikaren talde berritutik bost segundora geratu ziren.
Oraindik udarako txapelketak nola egituratuko diren jakin aurretik, hortxe, ate joka datoz Hondarribiko neskak, onenekin lehiatzeko prest. Zein urruti geratu diren duela bi urteko zailtasunak. Zein urruti joan den denboraldia, behar adina arraunlari ez edukitzeagatik lehorrean geratu behar izan zutenekoa.