Espainiako Estatuak tortura sistematikoki erabili izan duela salatu dute, eta onarpena eta erreparazioa exijitu dituzte, "zauria itxi ahal izateko".

Torturatuak izan diren milaka euskal herritarrak zian dituzte gogoan
Kalera Kalera ezker abertzalearen dinamikak torturaren aurkako ekitaldia burutu du gaur eguerdian Irungo Urdanibia plazan. Tortura sistematikoak eragindako zauria ixteko, praktika hori onartu, biktimak erreparatu, eta berriro ez gertatzeko bermeak ezarri behar direla aldarrikatu dute.
Ekitaldiaren hasieran, torturapean hil eta Bidasoa ibaian utzi zuten Mikel Zabaltza izan dute gogoan, baita tortura larriak pairatu zituzten Iratxe Sorzabal irundarra eta Igor Portu eta Mattin Sarasola ere. Azken biek jasandako torturak direla eta, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiar Estatua zigortu du aste honetan.
Haiek bezala, milaka euskal herritar torturatuak izan direla nabarmendu du Antton Lopez Kalera Kalera dinamikako bozeramaleak, eta horiei aitortza zor zaiela: “Etorkizuna bakean eta askatasunean eraiki nahi dugu baina tortura oraindik zabalik dagoen zauri bat da, iraganera lotzen gaituena. Zauri hori josi behar dugu”. Errebantzarik ez dutela nahi ziurtatu du Lopezek: “Ez dugu mendekurik eskatzen, baizik eta torturak eragindako mina aitortu eta erreparatu dadila”.
Torturaren erabilpena aitortzeaz gain, berriro ez gertatzeko bermeak ezartzea, eta biktimen erreparazioa exijitu ditu Kalera Kalera dinamikako kideak. Batetik, biktimentzako laguntza sikologiko, politiko eta humanoa eskatu ditu, eta bestetik, torturapean eginiko deklarazioetan oinarritutako inputazioak berraztertzeko galdegin du.
Ekitaldian Jose Shulman Argentinako Giza Eskubideen Ligako presidenteak ere hartu du parte. “Norbait torturatzen dutenean guztiok torturatzen gaituzte”, esan du Shulmanek, eta tortura gainditzea euskal gizarte osoaren desafioa dela gaineratu du: “Hau ez da arazo juridikoa, ez dute abokatuek gaindituko, euskal gizartearen desafioa da, bere kideak torturatuak izatea baimentzen duen herria, torturatzaileen bizikide den herria degradatzen delako. Tortura ez da torturatuen arazoa, gizateriaren muga da, eta gizagabetasuna dakar”.