Aitzol Arroyok ‘Hondarribian Gerra Zibilaren kontakizuna’ idatzi du, gerra kronika estiloa baliatuz. Eguneroko bizipenen berri ematen du liburuan.
Aitzol Arroyo, liburuarekin eta Guadalupen aurkitutako bi bala zorrorekin
“
Atzoko egunez, uztailak 19, altxamendu faxista egin zen, lehenik Marokon eta gero penintsulan. Hondarribiko hirian, hori ikusirik, Fronte Popularreko Batzordeak hartu du bere gain herriko botere instituzionala…“. Horrela hasten da Aitzol Arroyo historialari gaztearen
Hondarribian Gerra Zibilaren kontakizuna. Bere lehen liburua da, eta idatzi eta argitaratu dituen beste ikerketa lanen oso desberdina. Izan ere, gerra kronika gisa egituratu du errelatoa, momentua bizitzen ari den kazetari bat da irakurleei gertaeren berri ematen diena. 1936ko uztailaren 20koa da lehen testua, faxisten altxamenduaren hurrengo egunekoa. Hortik eta irailaren 6ra arte, nazionalak herrira sartu ziren arte, herritarren bizipenak jasotzen dira. Azken partea Hendaiatik idatzia dago, hondarribiar askok eta askok bezala, kontatzaileak ere bertan bilatu zuen babesa.
Bi pasio ditu Arroyok, kotxeak eta historia, baina gehiago bigarrena. Horregatik, Ingeniaritzako ikasketak utzi eta Historiara pasatu zen. Aurreko urtean bukatu zuen karrera, eta fakultateko hormetatik kanpora ere osatu ditu ikasketak, Aranzadiren zenbait indusketetan lan eginez. Historia garaikidea du gogokoen, “36ko Gerra eta Bigarren Mundu Gerra bereziki”. Oporretan bidaiatzeko “Europazalea” den arren, eta bigarren gerra handiko leku esanguratsuak bisitatu dituen arren “Berlin, Krakovia, Budapest, Auschwitz, Mauthausen…”, onartu du gertuagokoekin gehiago hunkitzen dela: “Bizkaiko mendietan bi astero ez dakit zenbat milizianoren gorpuak aurkitzea, Auschwitzek baino inpresio handiagoa sortzen dit horrek niri”.
Azken ehun urteetan Euskal Herrian gertatu zena ikertzea ezinbestekoa dela uste du hondarribiarrak, eta horretan dabil, Irungo Udalean memoria historikoko teknikari gisa. Kontent dago lanean, eta gustura ikusiko luke bera Irunen ari den bezala, beste norbait egotea Hondarribian azken ehun urteetan gertatutakoak azaleratzen. “XX. mendeko eta 36ko Gerraren inguruko ikerketa historiko gutxien dituen herrietakoa da Hondarribia”, eta berak ikertu nahi izan duenean, “oraindik zailtasun eta oztopo ugari” aurkitu dituela erantsi du.
Abotsanitzek argitaratua
Oztopoak gainditu eta memoria gizarteratu, hori da
Hondarribian Gerra Zibilaren kontakizuna liburuaren helburua. Abotsanitz alderdiak argitaratu du Arroyoren lana,
Aiza! aldizkariaren 4. zenbakiko osagarri bezala. Igor Enparan udal taldeko bozeramaileak liburuaren aurkezpenean adierazi zuenez, “liburua ahalik eta gehien hedatzea” da helburua, hondarribiarren artean gerra garaian gertatu zena ezagutarazteko. Horregatik, hainbat artxibo eta liburutegirekin harremanetan daude, liburua gehiago zabaltzeko.
Enparanek gaineratu zuenez, “Abotsanitzek bere kabuz eta inolako diru laguntzarik gabe” argitaratu du historialari gaztearen lana. Bi hizkuntzetan kaleratu dute, euskaraz eta gaztelaniaz, eta doan ari dira banatzen: “Duen kostuagatik, aldizkari kopurua baino txikiagoa izan da liburuena”. Hori horrela, liburua eskuratu nahi duenak, Abotsanitzekin jarri behar du harremanetan: “Astelehenetik ostiralera Pampinot kaleko udal bulegoan aurkituko gaituzte goizez, eta astelehen eta asteazkenetan, arratsaldez, San Pedro kaleko egoitzan”. Liburua doanekoa da, baina bila joatea eskatzen diete interesdunei. Nolanahi ere, erreserbatzeko aukera dago
helbide elektronikoaren bidez.