Bere herrian 36ko Gerra nola bizitu zuten irudikatu nahi izan du. Horretarako kazetari baten paperean sartu da, eta egunez eguneko kontakizuna egin du.
Aitzol Arroyo, Guadalupeko gotorlekuaren sarreran
Hondarribian Gerra Zibilaren kontakizuna idatzi du historialari hondarribiar gazteak (
irakurri albistea hemen). Bere herrian 36ko Gerra nola bizitu zuten irudikatu nahi izan du. Horretarako kazetari baten paperean sartu da, eta egunez eguneko kontakizuna egin du.
Noiztik erakartzen zaitu historiak?
Batxilergoa bukatu nuenetik, beharra ez dakit, baina interesa behintzat banuen. Kotxeengatik zaletasuna izan dut beti eta Ingeniaritza ikasten hasi nintzen, baina lehen urtean karrera utzi nuen, eta Historiara pasatu nintzen. Aurreko urtean, 2016-2017an bukatu nituen ikasketak. Denbora gutxi egon nintzen ikasi gabe, eta lanean nago, batez ere ikerketa egiten.
Ikasle zinela, izan al zenuen garai zehatzen batean sakontzeko aukerarik?
Batez ere azken urtean, hautazko ikasgaiak direlako. Hor, Historia Garaikidea aukeratu nuen eta batez ere 36ko Gerra eta frankismoa, eta Bigarren Mundu Gerra aukeratu nituen. Garai horrek piztu dit interes gehiena eta nik uste horretan jarraituko dudala.
Ikerketan ari zara lanean, baina indusketetan ere ibilia zara. Bietatik zeinetan gusturago?
Bakoitzak bere alde ona du. Artxiboetan eta paperen artean zabiltzanean, gertuko zer edo zer aurkitzeak sekulako emozioa eragiten dizu, akaso Hondarribiko jendearen zerrendak, sententziaren bat… Baina landa lanak xarma berezia du, lubaki batean sartzen zara garbiketa egiten eta bala zorro bat aurkitzen duzu, gero beste bat, pistola bat, batzuetan hezurrak agertzen dira… Berezia da landa lana.
Gertatuko da ere ez aurkitzea ezer ere ez…
Bai noski, lan pila egin eta ezer ez aurkitu, bakarrik lohia garbitu. Baina hori batean zein bestean, baita artxiboetan ere.
Indusketak zeinekin eta non egin dituzu?
Aranzadirekin ibili naiz. Batetik Amaiurko gazteluan, nahiz eta ikertzen ari naizen garaia ez izan, Erdi Aro bukaerakoa izan. 36ko Gerrari lotuta, Asteasu-Zizurkil inguruan batez ere, lubaki sistema inportante bat dago han. Elgetako fronteari lotutakoekin batera, Saseta defentsa sistemaren barruan indar handiena eduki zuena. Bi urtez egon nintzen, lehenengoan 50 metro luzeko lubaki lerro batean ibili ginen, 200 bala zorro inguru atera ziren, eta bigarren urtean antzera, 90 graduko angelua sortzen zuen lubaki batean, azken bi egunetan atera genituen ehun bat bala zorro erraz.
Bigarren Mundu Gerrari dagokionez, hemen gutxi aurkituko duzu, kanpora joan beharko zara ikertzera.
Bai, betiko guneetan ikertu behar da garai hori, Berlinen, Varsovian, batez ere Moskun…
Ibili al zara ja leku horietan ikertzen?
Ez, ikerketarik ez dut oraindik egin garai horretan, bigarren gerra ez dut ikertu. 36ko Gerrako lekuetan bai, eta ikasketa amaierako proiektua ETAren historiaren inguruan egin nuen. Euskal Herrian kokatu ditut orain arteko lanak.
Eta turista bezala, joaten al zara historiari lotutako lekuk bisitatzera?
Bai, Europa zalea naiz, Europan batez ere ibili naiz, Berlin, Munich, Krakovia, Budapest, Eslovaquia… Horrelako lekuetan batez ere Bigarren Mundu Gerrako lekuetan ibili naiz, kontzentrazio esparruetan, Auschwitz, Mauthausen… horietan dezente mugitu naiz.
Ba al da horietako lekuren bat bereziki harritu edo hunkitu zaituena?
Ez dakit. Mundu guztiak botatzen du Auschwitz, eta badu bere misterio kutsua, baina niri hemengoak hunkitzen nau gehiago, batez ere Bizkaiko mendietan bi astero ez dakit zenbat milizianoren gorputzak aurkitzea, niri horrek inpresio handiagoa sortzen dit, akaso gertukoagoa delako guretzat.
Zu ikertzen ari zaren garaia ez da gehiegi ukitu Hondarribian, atzeragokoa bai, baina 36ko Gerra eta frankismoa, gutxi. Zure ustez, non jarri behar dira indarrak?
XX. Mendea herri honetan ahaztua dago, behintzat alde batera utzita. Gerra eta frankismoa betiko enigma dira. Herri honek mugak ditu, ezjakintasun puntu hori, akaso familia askori gertutik tokatzen zaion historia horrek ez duelako horrenbesteko garrantzia beraientzat, baina herrian garrantzia izan zuen, nahiz eta beraiek garaile gisa atera, herri honek asko sufritu zuen.
Guadalupeko gotorlekua izan ze 36ko Gerran Hondarribiko gune nagusia
Nola sortu zen Hondarribian Gerra Zibilaren kontakizuna liburua idazteko ideia?
2016 urtearen hasieran, 36ko Gerraren 80. urteurrena beteko zenez, Abotsanitzen planteatu nuen lanketa egitea, altxamendutik Hondarribia nazionalen esku geratu zen arteko garaia lantzea… Kartelekin kanpaina egin genuen eta oso erantzun ona izan zuen. Egindako lana biribiltzeko liburuaren ideia atera zen, eta horretan jardun dugu.
Gerra parte baten itxura eman diozu, bai formatuan, bai kontakizunaren estiloan.
Liburua hartzen duzun momentuan antzematen da zer den, garaiko kronika, egunez eguneko kontakizuna, kazetari baten eskutik kontatuta balego bezala. Letra mota garaiko makinena da, argazki oinak eskuz idatzita daude… Hori irudikatzea zen ideia, garaiko itxura hori eman.
Nola izan da prozesua?
Iturri bibliografikoen analisia egin genuen hasteko. Liburuak eta orduko aldizkariak aztertu genituen, baina kontuan hartuta aldizkariak oso ideologizatuak zeudela, oso kutsatuak. Kontrastatu behar izan genuen dena, gertakari bat bi aldizkaritan agertzen bada, orduan badu indarra, baina batean agertu bai eta bestean ez, edo beste era batean kontatuta agertzen bada, orduan zerbait arraro dago hor.
Garaiko dokumentazioa ere aztertu genuen, herrian argia joaten zela, Endarlatsan mozten zutela, uraren jarioa ez zela iristen, banketxeetan egun bakarra zegoela dirua ateratzeko…
Estiloak ez du ikerlarien ohiko estiloaren antzik. Nolako lana izan da zuretzat?
Paperean sartzen zara, kontatzen zoazen heinean egoera imajinatzen duzu, nola biziko zuten, Irundik tiro hotsak entzungo ziren dagoeneko… Gerretan interes handia dut, eta paper horretan sartzea oso pozgarria da. Bideo joko batean sartuta bezala sentitu naiz liburua idazten.
Deigarria da lehen egunetan gertatu zena, hondartza itxi, turistak atxilotu… Testuinguru horretan hasi zen gerra Hondarribian…
Ikusten da garai hartan ere turismoak indarra zuela. Udatiar gehienak eskuindarrak eta dirudunak ziren, eta Fronte Popularraren alde zeudenak udatiar horien txoferrak ziren. Badira argazkiak gizartearen haustura hori azalarazten dutenak. Eskuindarrak atxilotu zituzten edo susmagarriak ziren. Aldiz, txoferrak, langileria, horiek denbora labur horretan boterea eskuratu zuten, Hondarribian behintzat.
Herriko zein gune izan ziren garrantzitsuak gerra garaian?
Guadalupeko gotorlekua zen garrantzitsuena, herrian ez zelako fronterik eman. Badakigu Amute, Arkolla eta Mendelu inguruetan kanoi enplazamenduak ezarri zituztela, baina hortik aparte ezer gutxi. Aurrerago itsas bonbardaketak egon ziren
Cervera eta
España itsasontzietatik, baina infanteria leku horietan ezarri zen bakarrik.
Hondarribian ez zen fronterik egon, baina tentsioa bai. Erasoak itsasotik, muga itxita, nazionalen hurbiltzea Nafarroatik…
Nafarroatik nazionalak zetozen, eta Fronte Popularrak Irun babesteko deia egin zuen herrian. Erlaitz lehen aldiz galtzekotan zegoenean, eta itsasotik egin ziren erasoekin, ihesaldia hasi zen. Tentsioa handia zen, arma falta zegoelako, kotxerik ez zegoelako, zaurituak hasi ziren, argia joaten zitzaien. Egoera krudela zen, beldurgarria. Abuztuko azken astean hasi ziren gabarrak Hendaiara pasatzen, baina ihesaldi handia irailaren 2an, 3an eta 4an izan zen. 5ean baten bat igerian pasatu zen, baina gehienak ez ziren iritsi.
Familiako norbait, anaia, semea… Fronte Popularraren alde jarri zirenen familia askok alde egin zuten. Nazionalak iritsi zirenean herri hutsa aurkitu zuten, Guadalupeko gotorlekutik preso egondakoak jaitsi zirenean eta herria hartu zutenean, ez zen inor, bakarrik Francoren aldekoak, beraienei harrera egiten.
Guadalupe zaintzen ari ziren azken bost milizianoak fusilatuak izan zirela kontatzen duzu, eta haien gorpuen berririk ez zegoela. Agertu al ziren?
Ez. Normalean, eta Irunen badakigu hala izan zela, hilerri kanpoan hobi bat egiten zuten eta fusilatu eta gero bertan sartzen zituzten. Badaude hipotesiak esaten dutenak hilerri kanpoan egindako obra batean gorputz horiek altxatu zituztela. Interesgarria da hori ikertzea, baina egun oso zaila ikusten dut, hemen dagoen interesa kontuan izanda. Urte batzuk daramatzagu horren atzetik, eta ez zen gaizki egongo georadarra Guadalupetik pasatzea, hipotesi horiek argitzeko.
Hondarribiko kontakizunean, ba al da pertsonairik atentzioa deitzen dizuna?
Bi aldeetatik ilustre asko daude. Errepublikanoen alde beti presente dago Sasetaren [Kandido] figura, bere handitasuna, baina nik ez nuke Jesus Carrera ahaztuko. Hondarribiarra zen, defentsa batzordean zegoen, alde egin zuen, Bartzelonan artillero egon zen, 1939tik aurrera Espainiako Partido Comunistako idazkari nagusia, eta 1945ean hil arte torturatu zuten.
Besteen aldetik, Francisco Sagarzazu aipatu behar da, Errepublika garaian zinegotzi, frankismoan alkate. Bere joko zikinak egin zituen, bere iragana hor dago, eta gaur egun bera bezalako frankista baten bustoa udal aretoan egotea ez dakit zein puntutaraino den Memoria Historikoaren Legea betetzea.
Tokiko gerra diarioa da liburua, ordubetean irakurri daitekeena. Sakondu nahi duenari, zer gomendatzen diozu?
Batetik, betiko liburuak daude, gerrako manual gisa hartzen direnak, Antony Beevorrenak, ideologia britaniarraren aldetik nahiko kutsatuak dauden arren. Manuel Martorell… badaude nahiko idazle berez zailak ez direnak. Eta egun, Internet dago batez ere, artikulu asko, ikerketak, artxiboen digitalizazioak, kausa orokorrak, gerra parteak. Honetan interesa duenak berez ez luke zailtasunik eduki behar sakontzeko, akaso familiako baten edo gertakari zehatz batena bada, zailagoa izan daiteke.
Hau eta gero zer? Zer jarraipen beharko luke liburuak?
Ahal balitz, hemengo historia guztia kontatu, baina ez nazionalen etorrerarekin bukatu, 1936tik 1975 urtera memoria historiko guztia kontatu, gertakizun guztiak eta egi guztia, zer eta nola gertatu zen kontatu. Gure amonen eta aitonen historia da, hau bizitu zuten, baina jendearentzat ahaztuta dago. Frankismoan plastiko beltz bat bota zuten, eta hortik gora ezin da ezer atera, bakarrik hortik behera. Plastiko hori altxatu beharko litzateke, hemen gertaturikoak kontatzeko.