Euskal Herriko gorpuzki zaharrena erakutsiko du Aranzadik Hondarribian. Jaizkibelgo J3 aztarnategiari buruzko erakusketa antolatu dute.
Aranzadiko kideak, J3 aztarnategian lanean
Euskal Herriko gorpuzkirik zaharrenak erakutsiko dituzte Hondarribian.
J3 Euskal Herriko ehorzketarik zaharrena erakusketa ikusgai izango da hilaren 16tik 25era Arma Plaza kultur gunean. Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Hondarribiko udaleko Kultura departamentuak antolatu dute, azken hamarkada eta erdian Jaizkibelen aurkitutako aztarrenak balorean jartzeko. Tartean, 8.000 urte baino gehiago dituen hezurdura zati bat dago.
Hondarribitik Pasaiarainoko itsasertza azken gizarte ehiztari-biltzaileen habitat garrantzitsuenetako batean bihurtu zen orain dela 10.000 urte. 2003an Euskal Herriko hezurdura zati zaharrena aurkitu zuten bertan eta, ordutik, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta EHUk osatutako talde bat zundaketa eta ikerketa arkeologikoak burutzen ari da Jaizkibelen. Aurkitutako gorpuzki eta materialei esker, orduko dietari buruzko informazioa eta bertan bizi zirenen bizimoduaren inguruko datu garrantzitsuak biltzeko aukera izan dute zientzilariek.
J3 aztarnategiko aztarrenak ikusteko aukera izango da asteburuan eta hurrengo astean zehar Arma Plazan. Besteak beste, 8.000 urte baino gehiagoko garaira atxikita dagoen fetu-jarreran ehortzitako 30 eta 40 urte bitarteko gizaki baten hezurduraren zati bat erakutsiko dute. Gorpuzkiekin batera, aztarnategian agertutako bestelako materialak ere bildu ditu Aranzadik Hondarribian erakusteko.
Aurkezpen hitzaldia, ostiralean
Erakusketari lotuta, Maria Jose Iriarte aztarnategiko zuzendariak, Alvaro Arrizabalaga arkeologo eta EHUko irakasleak, eta Paco Etxeberria antropologoak hitzaldia emango dute ostiralean Kultur Etxean, 19:00etan. Bertan, bisitariek erakusketan aurkituko dutena aurreratu, eta hilaren 20tik 23ra Donostiako San Telmo Museoan egingo diren XVI. Arkeologia Jardunaldien berri emango dute.
Fetu-jarreran ehortzi zuten Euskal Herrian aurkitu den gizaki zaharrena (ilustrazioa: Aranzadi)