[Gutuna] "Sustraia boluntario taldeak Hondarribiko hiriari"
Sustraia boluntario taldeak gutuna bidali du komunikabideetara, azken gertaerak ikusita haien ikuspuntua emateko.
Kontuan izanda azken gertaerak, eta ikusita zer itxura hartzen ari diren gauzak, Sustraia boluntarioen taldea osatzen dugunok gure kezka azaldu nahi dugu, eta Arma Plaza Fundazioak —Miren Ayerbe kudeatzaile duela— Mariñel itsasontziaren lanetan egindako kudeaketaren alde egin nahi dugu, jendaurrean; gainera udalbatzarekin —Txomin Sagarzazu alkate buru dela— oro har dugun sintonia ona nabarmendu nahi dugu.
12 urte daramatzagu lanean Hondarribiko arrantza ondarea berreskuratu eta hedatu nahian. Oso lan luzea izan da, eta zenbaitetan gogorra. Oso luzea, gaur egun arte egin behar izan ditugun kudeaketa eta lan ugariengatik.
Hasieran alderdi politiko guztiekin, eta ondoren laguntzaile askorekin (Olaziregi Ontziola, Jose Luis Iridoi Raku, Arrantzaleen Kofradia, Itsas Museoa, Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariak, Albaola, eta abar luze bat) lanean aritu gara, eta haiek haien laguntza osoa eskaini digute.
Fundaziotik Miren Ayerberen ezin estimatuzko laguntza izan dugu; bertatik zuzendu, aholkatu, eta informatu gaitu, eta gure lan guztien jarraipen xehea egin du. Bost urte hauetan, Mariñel itsasontziaren birgaitze lanei dagokienez, 60 bilera baino gehiago egin dira aholkularitza eta kontrolari begira. Sustraia proiektuari dagokionez, bere eginkizuna gure ustez bikaina izan da.
Oso gogorra, Enrike Lekuona gure lankideak —guretzat hain garrantzitsua zenak— izandako zorigaiztoko istripuagatik. Bere ezagutzak, jarrera ona, eskarmentua eta lana ezinbestekoak izan dira gaur egun gauden puntura iristeko. Bera hil zen arte, berreskuratuak genituen Mariñel itsasontzia prest jartzeko lanak %80 gorako kopuruan.
Oposizioko alderdi politiko batzuek fiskaltzari istripuaren ondoko kudeaketa ikertzeko eskatu zioten. Gure ustez ez zen muga horretaraino eraman behar.
Sei hilabete baino gehiago daramatzagu ezin Mariñel itsasontzira igo, eta igotzen garenean ez dakigu zer egoeratan aurkituko dugun.
Gertaeren zain gaude, eta bitartean ez ditugu bestelako lanak alde batera uzten. 60 grabazio baino gehiago egin dizkiegu pertsona beteranoei, eta ondare ukiezin izugarria azaltzen ari zaizkigu. Proiektuaren zirriborro bat dugu egina garai bateko Benta Zaharraren berriritartze eta eraikitze lanei buruz, eta udalean aurkeztu eta Plan Orokorrean sartu dugu.
Azkenik hitzaldi ziklo bat egin nahi dugu itsasoaren munduarekin lotua, bere garaian azalduko dena.
Gure ustez, Enrike Lekuona gure lankideari eta bere familiari egin diezaiokegun omenaldirik onena berak sinesten zuen ideiarekin jarraitzea da, ideia hartan bai berak eta bai beste jende askok sinesten baitugu.
Sustraia boluntario taldea