Gurutze Gorriari eta Save the Children erakundeei 3.000na euro helarazi die, urakanek kaltetutakoei eta rohingya etniako iheslariei laguntzeko.
Premiazko bi diru-laguntza eman berri ditu Hondarribiko Udalak, 3.000 euroko laguntza bana Save the Children gobernuz kanpoko erakundearentzat eta Gurutze Gorriarentzat. Urtero udalak banatzen duen premiazko laguntzari dagokion kopurua dela azaldu du Arantxa Berrotaran Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak: “Urtero, udal aurrekontuan 6.000 euroko emergentzia edo larrialdietarako kopurua jartzen dugu; tamalez beti dago eta egoera oso txarrean bizi dena eta gure laguntzaren beharrean dagoena”.
Berrotaranek erantsi duenez, arloko batzordean adostu zuten udal talde desberdinek diru-laguntza bi erakunde horiei ematea: Save the Childrenek, Myanmar herrialdetik ihesi doazen rohingya etniako errefuxiatuei laguntzeko erabiliko du dirua. Gurutze Gorriak, aldiz, urakanek Karibe eskualdean eragindako ondorio larriei aurre egiteko behar du.

Rohingya iheslariei laguntzeko bideratuko da laguntzetako bat