Donostiarrek gehiago merezi izan zuten arren, Ohorezko Mailako taldeak beste urrats bat eman du jaitsieratik urruntzeko.
Irabazi beharreko partida zen, eta taldeak ez zuen hutsik egin. Hondarribia FE-ko Ohorezko Mailako taldeak 3-1 irabazi zion larunbatean Vasconiari, eta donostiarrekiko zazpi puntuko tartea ireki du, zortzi
averagea kontuan izanez gero. 21. jardunaldiaren ondoren, hondarribiarrek bost talde dituzte atzetik, eta horietatik hiru bost puntura edo gehiagora. Egoera ez da ospatzeko modukoa, baina bai azarotik hona berdeek izan duten lasaiena (
ikusi sailkapena).
Larunbateko partida asko sufrituta irabazi zuen taldeak. Bi taldeek asko zuten jokoan eta biak atera ziren garaipenaren bila, baina etxekoek punteria hobea izan zuten. 13. minuturako aurreratu ziren hondarribiarrak, Xabiren golari esker. Vasconiak erasora erantzun zuen, eta 34. minutuan berdindu zuen. Atsedenaldiaren aurretik, gainera, aurretik jartzeko aukera garbiak izan zituen, baina hamaikako donostiarrak ez zuen zorterik eduki.
Bigarren zatian bi taldeak atera ziren golaren bila, baina defentsari ere arreta jarriz. Hondarribiaren bigarren gola 72. minutuan iritsi zen, Borja Lopezen burukada baten ondoren. Eta hirugarrena,
Nagusi-k sartu zuen azken minutuetan, atezainari aurrea hartuz.
Hurrengoa, Deban
Azken sei partidetatik bi irabazi eta beste hiru berdindu ditu Hondarribiak, eta bolada horri esker arnasa hartzen ari da. Gola falta zitzaion, eta aurkitu du. Azken bi partidetan sei gol sartu ditu, aurreko zazpi jardunaldietan baino bat gehiago.
Boladarekin jarraitu nahi dute berdeek, eta larunbat arratsaldean Deban izango dute horretarako aukera. Amaikak Bat zortzigarren dago sailkapenean, baina azken partida Real Unionekin galdu zuen etxean. Hondarribiak ere punturen bat urratu nahiko du Errotazarren.
Punteriak erabaki zuen larunbateko partida (arg: @hondarribiafe)