Hondarribiak herri barruko garraio zerbitzua behar ote duen argitzeko galdetegia abiatu du udalak. Egun, lurraldeko autobus zerbitzua da eskaintza bakarra.
Ilustrazioa: Isabel Mancebo Balda
Irunen Irunbus, Hendaian Uribil, Oiartzunen Xorrola, Errenteria-Oreretan Urbanoa… Autobus zerbitzu propioa duten eskualdeko herrien zerrendara batu daiteke Hondarribia, baldin eta udalak banatu duen inkestako emaitzek horren beharra dagoela ondorioztatzen badute. Garraio publikoaz egiten den erabilerari eta dauden beharrei buruzko iritziak biltzen ari dira. Minibusa bai ala ez, hortxe dago koska.
Kalixa Silanes Hondarribiko Udaleko Mugikortasun zinegotziak azaldu duenez, arloan ematen ari diren lanketaren barruan kokatzen da inkesta: “Helburu nagusia mugikortasunaren inguruan ematen ari diren urrats guztiei jarraipen bat ematea da. Minibus bat jartzea bideragarria den edo ez jakin nahi dugu, hiritarren iritzia ezagutu”. Toki publikoetan eta ikastetxeetan banatu da inkesta, eta
hondarribia.eus udal webgunean zintzilikatu. Jasotako erantzunak zerbitzuaren bideragarritasuna aztertuko duen enpresari helaraziko dizkiote: “Gaian aditua den enpresa bati zerbitzuaren bideragarritasun azterketa bat egin dezala eskatu diogu, esleipen bidez. Inkestatik jasotzen ditugun erantzunak enpresa horri helaraziko dizkiogu, beraiek egiten duten ikerketa tekniko eta ekonomikoan garrantzitsua delako hiritarren iritzia uztartzea”. Ondoren, emaitzak eta azterketa eskuan, mugikortasun mahaian eztabaidatuko dutela gaineratu du Silanesek.
Iazko
abenduaren 13an osatu zen Hondarribiko Mugikortasun Mahaia, eta udal ordezkariez gain, nahi duten eragile eta herritarrek har dezakete parte. Lehen bileran, Hiri Mugikortasun Iraunkorraren Plana zehazten hasi ziren, eta horren barruan kokatzen da inkesta, beste gai batzuekin batera: bidegorri sarea, aparkalekuak, oinezkoen irisgarritasuna, eta abar.
Askotariko eskaerak
Arloko zinegotziak onartu duenez, azken urteetan asko dira Lurraldebusek eskaintzen duen zerbitzua osatzeko jaso dituzten eskaerak: «Eskaerak jaso dira, adibidez, Bidasoako Ospitalera joateko zailtasunak zituzten hiritarrenak, eta hori duela urte batzuk
Ekialdebusen zerbitzua hobetuz lortu egin zen». Oraingo autobus eskaintza Ekialdebusena da, hiria Irunekin eta Donostiarekin (autobidez edo Oarsoaldeko herrietatik barrena) lotzen duena. Zerbitzu horri esker Mendelu eta Amute auzoek lotura dute Portuarekin (erdialdea), baina hiriko gainontzeko inguruetara ez da iristen, ez baserri eremuko auzoetara, ezta Hirigune Historikora ere ez.
Marian Janaridendako Marian Txaparrok oso argi du: “Hondarribiak autobus propioa behar du, batez ere adineko jendearen beharra da. Adibidez, Zimizarga ingurutik Portura jaisteko zerbitzurik ez dago. Gure bezeroetako batzuk taxia eskatu behar izaten dute erosketak egitera etortzeko”. Portuko Matxin Artzu kalean du saltokia Txaparrok, anbulatorioaren eta Itsas Etxea Auditoriumaren parean. Bere ustez, auzoak lotzeko eta zerbitzuetara joateko balioko lukeen zerbitzua behar du hiriak: “Auzo batetik bestera joateko, eta zerbitzuetara hurbiltzeko, anbulatoriora. Alde Zaharrera joateko ere behar da, udaletxera edozein paper egitera joateko”.
Azken urteetan asko dira Lurraldebusen zerbitzua osatzeko egin diren eskaerak
Ikastetxeetan ere banatu da inkesta. Gorka Obeso Talaia Institutuko ikasketa burua da, eta inkesta egin izana ontzat jotzen duen arren, galdetegiarekin ez dago oso konforme: “Herriari galdetzea beti ona da, baina galdetegia erantzun dudanean ez zait argia iruditu, egiten diren galderekin zaila ikusten dut ondorio adierazgarriak lortzea”. Bera oinez edo bizikletaz joatearen aldekoa den arren, uste du minibusa aukera bat izan daitekeela: “Ikastetxeetako sarrera-irteera orduetan zerbitzu gehigarri bat eskaintzea ondo legoke, eta zer erantzun duen ikustea”. Gainerakoan, adineko pertsonentzako beharra dagoela uste du, eta “kotxearen gehiegizko dependentzia murrizteko balioko balu, ongi etorria”. Nolakoa irudikatzen duen galdetuta, “erabiltzaileen beharrak ase eta auzoak elkartuko dituena, maiztasun eta prezio egokikoa”.
Udalaren barruan ere atera izan da gaia, baina orain artean ez da sakonean aztertu. Iosu Alvarez zinegotzi sozialista izan zen osoko bilkuretan autobus zerbitzuaren beharra planteatu zuen lehena, duela bospasei urte. Aurreko urteetan ez zuen nahiko babesik lortu, baina aurtengo aurrekontuaren eztabaidan udal talde guztiek onartu zuten gaiari heltzea. “Adin guztietako pertsonentzat udalerriko gune desberdinen arteko garraioa bermatuko lukeen zerbitzua da eskatzen duguna”, argitu du Alvarezek. Bere iritziz, “Hondarribiko auzo desberdinak lotuko lituzkeen zerbitzua beharko litzateke”, Ekialdebusekin lotura izango lukeena eta egungo eskaintza aberastuko lukeena, “Alde Zaharrera eta farolako bidera zabalduz”.
Minibusa bai ala ez, baina batez ere zertarako. Galdera horien erantzunaren bila hasi dira Hondarribian. Batzuek zalantzak dituzte, beste batzuek oso argi dute soluzioa. Denen artean ados jartzea da kontua.