Euskanikross taldeak lau proba antolatu ditu. Iaz, munduko txapeldunek irabazi zuten Hondarribia Endanea Txakurkros Lasterketa.
Iaz Ivan Mateok eta Bangus zakurrak irabazi zuten, gero Munduko Txapelketa irabazi zutenek
Euskanikross Kirol Elkarteak antolatuta, eta Hondarribiko Udalaren laguntzaz, txakurkros eta bikejoring lasterketak egingo dituzte igandean Higer Farolaren inguruan. Lehen ordutik bertaratzen direnek lau proba ikusteko aukera izango dute, bikejoring modalitateko bat, eta txakurkroseko beste hiru.
09:00etan hasiko da bikejoring proba. Txakurkrosa baino modalitate berriagoa da, oraindik oso zabalduta ez dagoena, baina oso ikusgarria. Zakurrak bizikletari lotuta joaten dira, hori bai, txakurkrosean bezala, animalia beti aurretik joan behar da. Bigarrenez egingo dute bizikleta eta zakur proba Jaizkibelen.
Egitarauko proba nagusia federatuen lasterketa izango da, IV. Hondarribia Endanea Txakurkros Lasterketa. Kalixa Silanes Hondarribiko Udaleko kirol zinegotziak azaldu duenez, “Euskadiko Txakurkros Ligako proba izango da, eta bertan Euskadiko bikoterik onenak elkartuko dira, baita Espainiako Estatutik etorritako kirolariak ere”. Gainera, Espainiako Estatuko sailkatze proba da, Munduko Txapelketara joango direnak aukeratzeko proba. Iaz, esaterako, Ivan Mateo katalanak eta Bangus bere zakurrak Hondarribian irabazita lortu zuten mundialerako txartela, eta gerora munduko txapeldun geratu ziren. Horren adierazten du igandean zer nolako ikuskizuna izango den Jaizkibelen.
Azken bi probak, federatuak ez direnentzat antolatu dituzte, zaleei eta hasiberriei begira. 11:45ean txakurkros herri lasterketa egingo dute eta 12:00etan haurrentzako 200 metroko lasterketa txikia.