Hondarribia-Katsikas Boluntario taldeak 75 kaxa bete material bidaliko ditu Siria iparraldera. Hiru egunetan bildu dute materiala.
Boluntarioetako batzuk ostiral arratsaldean, bildutakoa sailkatzen
Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeak ia tona bat material lortu zituen aurreko asteazkenetik ostiralera Puntaleko eskola zaharrean egindako premiazko bilketan. Bildutakoa Siria iparraldera bidaliko dute Madrilgo Los Olvidados Gobernuz Kanpoko Erakundearen bitartez, azken asteetako bonbardaketen eraginez desplazatuen artean banatzeko.
Lehen aldia da Hondarribia-Katsikasek Siriarako bilketa egiten duena —orain arte Greziako errefuxiatuen kanpalekuetara bidali izan dute materiala—, eta herritarren erantzuna paregabea izan dela adierazi du Mari Jose Aseginolaza elkarteko presidenteak: “Herritarrei esker 75 kaxa bete ditugu, lotarako 100 zaku, 80 isolatzaile, euritarako 700 kapa eta 80 beroki, 500 aterki, 350 oinetako, mantak… izugarria. Egoera onean zegoen materiala eskatu genuen, eta hori ekarri digute, oso material ona, eta jende asko, eskatzen genuena ez zuenez, erostera joan da Puntalera etorri aurretik. Oso hunkituta gaude”.
Horrez gain, asko izan dira ekarpen ekonomikoak egitea erabaki duten herritarrak, Hondarribikoak eta kanpokoak. “Olvidadosekin kontsulta egin eta gero, aterkiak eta belarri-berokiak erostea erabaki genuen. 250 aterki, 100 kapa eta 1.000 belarri-beroki erosi ditugu eta horiek ere joango dira bidalketan. Horrez gain, Madrilen haurrentzako janaria erasiko dute, eta guk ordainduko dugu”.
Orotara, 3.500 euro inguru bildu ditu Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeak aurreko asteko premiazko bilketan.