Bakea urte osoan zehar eraiki behar dela ikustarazi nahi diete ikasleei. Iheslarien egoeraz jabetzen saiatuko dira, ginkana baten bidez.
Hondarribian bizi den familia siriarra, asteartean, uso zuria askatzen
Bakearen Astea ospatzen ari dira aste honetan Hondarribiko San Jose ikastetxean. Asteartea izan zen Bakearen Nazioarteko Eguna, eta asteko ekintza nagusia egun horretan egin zuten, bazkalostean: “Bakearen eguneko ospakizunaren zergatia azaldu zitzaien ikasleei, otoitz egin genuen, musika jo eta abestu, eta uso txuri bat askatu genuen bakea gure herritik zabaldu nahi dugunaren seinale gisa”. Hondarribian bizi den Siriako familia bat izan zen ekitaldiko protagonista, eurek askatu baitzuten usoa.
Hori asteartean, baina astelehenetik ari dira bakeari lotutako ekintzak burutzen: paperezko usoak egiten, koloretako usoen ipuina geletan lantzen, eskulanez eskola apaintzen… Ekintza deigarriena ginkana izango da, ikasleek gerretatik ihesi dabiltzanen egoera zein den ezagutzea bilatzen duena: “Gure buruak errefuxiatuen lekuan jarri eta beraiek bizi duten egoeraz jabetzea nahi dugu”.
Egitarauaren barruan, DBHko ikasleek San Gabriel adinekoen egoitzara egingo dute bisita. Hilabetero bisitatzen dituzte bertako egoiliarrak, baina Bakearen Astekoa berezia izaten dela adierazi dute ikastetxeak, eta bakeari buruzko lan txikiak egingo dituzte ikasleek eta aiton-amonek elkarrekin.
Urte osoko lana
Bakearen Asteari garrantzi handia ematen diote San Jose ikastetxean. Hori horrela, asterako hautatzen duten lelo bera urte osoan zehar erabiltzen dute. Honakoa da: “Apaltasuna, borondatea, fedea, maitasuna eta poza zure bizitzako etxea eraikitzeko sekulako harriak dira”.
Bakea eraiki beharreko zerbait dela erakustea da aste honetarako prestatu dute egitarauaren helburu nagusia: “Argi dugu bakea ez dela arazorik ez dagoen leku batean bizitzea, edo soinurik gabeko gune batean egotea soilik, baizik eta arazo eta soinu horiek egonda ere aurre egitea, konponbideak bilatzea eta norbera bere buruarekin lasaitasunean bizitzea”.