Siriko azken desplazatuentzako materiala jasoko dute. Madrilgo Los Olvidados gobernuz kanpoko erakundeak eskatu die laguntza.
Gaur, bihar eta etzi jasoko dute materiala Puntaleko eskola zaharrean
Gaur (asteazkena) hasi da Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldearen premiazko bilketa. Azken bonbardaketengandik ihesi Siria iparraldeko kanpalekuetara iritsi diren milaka desplazatuentzako bilduko dute materiala. Puntaleko eskola zaharrean ari dira bilketa egiten, Gazte Xaiaren lokalean. Boluntarioak bertan izango dira gaur, bihar eta etzi, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Madrilgo Los Olvidados gobernuz kanpoko erakundeak eskatu die laguntza eta datorren astean bidaliko dute Siriara bildutakoa.
Hondarribiko boluntarioek 2016an Greziara bidaia egin zutenean hasi zuten madrildarrekin elkarlana. Olvidadosek dagoeneko bidalketa egin izan ditu Siriara eta horregatik, aste honetan jasotzen dena iritsiko dela bermatu du Hondarribia-Katsikasek.
Zehazki, honakoak behar dituzte: Euritarako kapak eta aterkiak, katiuskak eta gomazko kalotxak (Croqs erakoak), termoak, lotarako zakuak eta lurrerako isolatzaileak (esterilak). Materiala “berria edo gutxi erabilia, eta garbia” egotea eskatu dute, iritsi bezala banatuko delako.
Diruz lagundu nahi duenak, elkarteak Kutxabanken duen kontu korrontearen bitartez egin dezake (ES43 2095 5039 90 9116701973). Egiten diren ekarpenek ere balioko dute materiala bidaltzeko, dagoeneko Hondarribia-Katsikasek dozenaka euritako eta uretarako kapak erosi dituelako aste honetan.