Irungo Olak 20.ez ireki du txotx denboraldia. Zuzeneko musikak berezi egiten du Iñaki Bengoetxea segalari ohiak zaharberritutako Arantzate burniola.
‘Sanmartzial’ kupeletik edan zuen Ketxus Poncek Olako txotx sasoiko lehen tragoxka
Udaberria itzela izan zen, sagarrondoetako adarrak puskatzeraino. Baina udazkenak ez zuen lagundu, eta azukre mailan eragin du. Urtarrilaren 21ean ireki zuten Irungo Meaka auzoko Ola sagardotegiko txotx sasoia. Argiago eta meheagoa izango da 2018ko sagardoa, usain frutadunekoa, eta doinuz jantzia. Ketxus Ponce hondarribiarra izan zen Iñaki Bengoetxea segalari handiak zaharberritutako Arantzate burniolako kupeletatik edaten lehena.
Hondarribian aski ezaguna da Ponce, batez ere arraunarekin duen loturagatik. Hamabost urte eman zituen Hondarribia Arraun Elkartean, hamarkada bat Ama Gudalupekoa traineruan, aulki mugikorreko Munduko Txapelketan parte hartutakoa, eta Europakoan lortutako bi domina gordeak ditu etxean. Arraunaz gain, herrigintzan jardun izan du eta jarduten du Poncek. Aro zaharreko herri olinpiaden antolatzaile taldeko kide nabarmena izan zen eta, euskalgintzari lotuta, herriko hizkera biltzen eta zabaltzen dihardu
Hondarbiko Hitzak Facebook orriaren bitartez.
Horiez guztiez eta beste batzuez gain, musikaria ere izan da hondarribiarra, soinujolea, eta harreman polita du Bengoetxearekin. Batetik, Meakakoa izan zelako bere lehen plaza, eta bestetik, bera izan zelako Olako kupelen artean soinuari eragin zion lehena: “Sagardotegia ireki zutenean bezero moduan azaldu nintzen bertara afaltzera, eta soinua atera nuen, lagunarteko afari batean-edo egin nezakeen bezala. Hurrengo batean Iñakik ezagutu ninduen eta esan zidan gustura hartuko ninduela astebururen batean jotzen”. Horrela hasi zen, sagardotegi erdian pandero jotzailearekin
a capella kantatzen. Harrezkeroztik, sagardoa eta musika bateraezinak dira Meakako burniolan.
Hamasei urte eman zituen Poncek Olako asteburuetako afariak girotzen, eta oroitzapen handiak ditu gordeak: “Kanta, dantza, erromeri giro aparta sortzen zen. Askotan oroitzen naiz nirekin jo izan dutenekin, Aitziber, Nagore, Mattin, Beloki eta Lukas, oso eskertua nago beraiekin. Oso berandu arte ibiltzen ginen jotzen, oso polita zen. Orain giroa eguerdi aldera joan da gehiago, eta gaueko magia hura gutxitzen joan da”. Baina oraindik dirau.
Kanturako, eta dantzarako
Hemeretzi urte bete ditu Meakako sagardotegiak, eta asteburuetako afarietan zuzeneko musika eskaintzea izan da Bengoetxearen apustuetako bat. Egun, sei musikari aritzen dira, hiru bikote —txotx irekieran hirurek jo zuten—, horietako bat Itsaso eta Irune Elizagoien ahizpa etxalartarrek osatzen dutena. Trikitilaria Itsaso da: “Guretzat musika lan bat da, eta Olan lan finko hori izatea eskertzekoa da. Goraipatu behar da Iñakik egiten duen esfortzua, oso leku gutxitan egoten delako zuzeneko musika”. Maiatza bukaera arte iraungo du txotx sasoiak, eta larunbat gauero izango dira trikitilariak, baita martxoa eta apirileko ostiraletan ere.
Txalapartariak, Olako txotx irekieran
Hamalau urte zituela hasi zen Olan ahizparekin jotzen Elizagoien, duela zortzi-bederatzi bat. Dagoeneko plaza askotan ibilitakoa da eta, besteak beste, Carlos Nuñez galiziarrarekin dabil biran. Denetarik dago bere errepertorioan eta, azaltzen duenez, Olan ere era askotako piezak jotzen dituzte, publikoaren arabera giro bat edo bestea sortuko da: “Beti ez da iguala izaten, batzuetan dantzako giroa izaten da, eta gehiago jo behar izaten dira fandango eta arin-arinak, eta beste batzuetan izaten da kanturako giroa, batez ere Ipar Euskal Herriko jende asko etortzen delako, eta nahiago izaten dutelako kantatu. Orduan, gehiago izaten dira kantu lasaiak, kantu zaharrak jo, denok ezagutzen ditugun horiek”. Musikari bezala ere, polita da gau bakoitza nolakoa izango den ez jakitea. “Giroa diferente izate horrek, bere gauza ematen dio”, iritzi du Elizagoienek.
Sagardotegia eta zuzeneko musika lotzeak, harritu egiten du Meakako burniolara lehen aldiz joaten dena. “Asko eta asko harritzen dira, ‘ez nuen pentsatzen Irunen holako giro euskalduna zegoenik’, esaten dute”, erantsi du Poncek. Joseja Zabalo, Bidasoko Euskal Kultur Taldeko kide nekaezina bat dator hondarribiarrak esandakoarekin: “Olan ederki uztartzen dira sagardotegi giroa, trikitia edo gitarraz sortutako musikarekin”.
Irunek mapan duen kokapenagatik, asko dira Bidasoaren beste aldetik Olara hurbiltzen direnak, eta kantagintzarako duten zaletasuna agerian uzten dute kupelen arteko joan-etorrietan. Hori horrela, lagun berri asko egin ditu Zabalok bertan: “Aurretik ezagutzen ez ginenen artean hitz egiten, elkarrekin abestuz, asko gozatu dugu”.
Musika baino gehiago
Musika emanaldiak ez dira Iñaki Bengoetxeak kudeatzen duen establezimenduko berezitasun bakarrak. Euskal kulturari eta kirolari lotutako askotariko ekitaldien laguntzaile edo antolatzaile da Olakoa, aitortzen duenez, hori da bere euskaltasuna adierazteko duen modua.
Leporaino bete zen Ola, txotx sasoiko lehen bazkarian
Igandeko txotx irekierako protagonistaren ustez, euskal giroari ekarpen handia egin dio Bengoetxeak: “Irunen euskal giroa bultzatzen, suspertzen eta indartzen saiatu da. Hainbat trikitilariri plaza bat eskaini die eta bezeroei beste sagardotegietan topatuko ez duten kanta eta dantzarako aukera eskaintzen die. Horrez gain, urtero bertso afaria antolatzen du —apirileko azken larunbatean—, abuztuan pilota txapelketa…”. Eta kultura eta kirol arloko beste jarduera askotan laguntzen du Olak.
Argiagoa, meheagoa, oraindik berde samarra eta fruta-gustukoa, baina orekatuko da, tragoxka luzeetan hartzeko egokia. Horrela dator Meakako Ola sagardotegiko txotx denboraldia. Igandean hasi zen, eta maiatzaren 31ra arte luzatuko da, kupelak doinuz betea.
Iñaki Bengoetxea: “Urte askoan kritikatua izan naiz zuzeneko musika izateagatik”
Noiztik datorkizu sagardo zaletasuna?
Betidanik egiten genuen etxean, aitonatik eta aurrekoetatik ezagutzen genuen mundu hau, saltzeko ez, baina etxerako egiten genuen. 38 urterekin erabaki nuen Ola irekitzea, bi urte pasatu nituen zaharberritzen. Dena neuk egin behar izan nuen, etxea bota, burniolak berriztatu, ia berrehun tona hondakin atera, lohia, harriak… Bertako jendeak ez zekien kanpoko murru horiek existitzen zirenik, huntzarekin eta sasiekin tapatuta zeuden.
Alde handia izango zen etxerako egin edo saltzeko. Litrotan, askoz gehiago?
Etxean hamahiru lagun baginen, eta hiru mila litro inguru egiten genituen, gehiena pittarra (sagardoa eta ura nahastuta). Hori zen eguneko edaria, txikienak, handienak, denok pittarra edaten genuen egunero. 1999an ireki nuen Ola, baina bost urte lehenago ja hasi nintzen ontzi herdoilezin bat ekartzen, gero beste batzuk gehiago. Ireki nuenean 40.000 litro egin nituen.
Orain, zenbat?
Aurten 130.000 inguru. Nire nahia ez da zenbat eta gehiago egitea, baizik eta tamaina hau mantendu familiarekin dominatzeko moduan. Sagarrak, inguruko baserritarrei hartzen dizkiet, kalifikazioaren barrukoak denak, urrutiena Aia eta Zarautzen, gehiena Irun eta Hondarribian. Ilusio hori banuen, baserritarrak pixka bat suspertu.
Ketxus Ponce, Iñaki Bengoetxearen ondoan, igande eguerdian
Nolakoa da aurtengo sagardoa?
Goiz samar egiten hasi ginenez, oraindik berde samar dago. Kolorea ez du asko hartuko, udaberria izugarria izan zen, urtetan izango ez dena, adarrak txikitu ziren, baina asko dagoenean zaila da heldutasunera iristea, eta udazkenak ez zuen lagundu. Sagardoa arinagoa da, argiagoa, trago luzeak edateko hobea.
Ezaguna da Ola afarietan zuzeneko musika izateagatik. Zer dela eta formula hori?
Igual ez naiz gizon bat ikurrina hartuta hor aurrean ibiliko dena, baina bihotzean daukat, baserri munduko euskalduntasun hau beti ezagutu dut, eta beti maitatu dut, herri kiroletan nenbilela, trikitia, bertsoak… beti mundu horretan ibili izan naiz, eta sagardotegietan ezagutu dut. Eta esan nuen, ‘hemen Irunen zergatik ez?’ Egun batean Ketxus etorri zen, bera hasi zen soinuarekin pixka bat girotzen, eta esan nuen, ‘datorren urtean beste bat jarri behar dugu’… Eta orain hiru bikote ditut.
Ez da ohikoa sagardotegietan...
Urte askoan kritikatua izan naiz Astigarragan, orain ez hainbeste, ‘hi erotu haiz, trikitia, ze puñeta’ esaten zidaten. Niri beti gustatu izan zait giro hori, eta etortzen direnak, hemengoak, edo Ipar Euskal Herrikoak, edo barruragokoak, paristarrak edo alemanak, gustura egoten dira. Sagardotegia ez da jatetxe batean bezala mahaian eserita geldirik egoteko, mugitzeko baizik. Astero-astero etortzen zen bezero bizkaitar batek esan zidan, ‘Iñaki, hau duk sagardo-terapia’, eta handik hasi ginen esaten: ‘goazen sagardo-terapia egitera’.
Hiru bikote aritzen dira Olan. Hirurek jo zuten urtarrilaren 21ean