Hondarribia Eskubaloiak 22na berdindu du Ford Mugarri Arrasateren kontra. Bi segundoren faltan berdindu dute Debagoienekoek.
Bi taldeak oso gogor aritu ziren defentsa lanean
Il Capo Hondarribia Eskubaloia taldeak oso gertu eduki zuen garaipena Ford Mugarri Arrasateren kontra, atzo eguerdian Hondartza kiroldegian jokatu zen Euskal Ligako hamaseigarren jardunaldiko partidan. Hondarribiarrak gol bateko aldearekin iritsi ziren azken minutura, baina ez zuten azken jokaldia defendatzen asmatu. Bi segundoren faltan debagoienarrek berdinketaren gola ezarri zuten (22-22). Lastima, irabaziz gero Hondarribiko taldea bigarren postutik hiru puntura jarriko litzatekeelako.
Partida borrokatua eta zakarra izan zen. Bi taldeek gogor defendatu zuten eta jaurtitzea asko zaildu zuten; emaitza laburra izateaz gain, kontuan izan behar da Hondarribiak sei gol sartu zituela zazpi metrotatik, Arrasatek beste zazpi. Egin kontuak.
Batez ere, atsedenaldiaren ostean berotu zen giroa. Bi taldeetako zaleek epaileen erabaki asko kritikatu zituzten, eta jokalarien protestak zigor bidez moztea erabaki zuten beltzezkoek. Egoera horretan, burua hotz mantentzen jakiten duenak abantaila izaten du, eta horretan ere berdindu zuten bi taldeek, beharrezkoak ez ziren kanporatzeak oparitu zizkietelako elkarri.
Garaipena lortu ez arren, bolada onarekin jarraitzen du Il Capo Hondarribia taldeak. Azken 11 partidetatik zortzi irabazi ditu eta beste bat, atzokoa, berdindu; hamazazpi puntu 22tik. Sailkapenean seigarren dago (
ikusi), eta hurrengo asteburuan postu bat irabazi dezake, bosgarrenari irabaziz gero. Ordizian jokatuko du taldeak, Siglo XX Plater Prestatuaken kontra. Garaipenaz gain, bi taldeen arteko
average-a egongo da jokoan. Lehen itzulian, ordiziarrek gol batez irabazi zuten Hondartzan.