Siriako azken bonbardaketen eraginez ihes egin dutenentzako materiala jasoko dute. Materiala iritsiko dela bermatzen du elkarteak.

Siria iparraldean muntatutako kanpalekuetara bidaliko da laguntza. Irudia, joan den astekoa da
Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldea premiazko material bilketa antolatzen ari da hurrengo asterako. Siriako azken bonbardaketen eraginez desplazatuentzako materiala bilduko dute. Milaka lagunek Siria iparraldera ihes egin behar izan dute, eta batez ere hotzari eta euriari aurre egiteko materiala behar dute.
Hondarribia-Katsikasek oso zerrenda zehatza egin du, eta bakarrik zerrendakoa jasoko dutela ohartarazi dute. Honakoa: Uretarako kapak, katiuskak, gomazko kalotxak (Croqs erakoak), termoak, aterkiak, lotarako zakuak eta isolatzaileak (esterillak).
Hiru egunez egingo dute bilketa, hilaren 31an, eta otsailaren 1ean eta 2an, Puntaleko eskola zaharrean (Molla etorbidea, 1). Goizez, 10:00etatik 13:00etara, eta arratsaldez, 16:00etatik 20:00etara egongo dira boluntarioak bertan. Erantsi dutenez, ez dute onartuko “berria edo gutxi erabilia ez den eta garbitua ez dagoen materialik”, Sirian ez baita aukerarik izango garbitzeko.
Bildutakoa, Madrilgo Los Olvidados gobernuz kanpoko erakundearen bitartez bidaliko da Siriara. Greziako Katsikasera joan zirenetik, Hondarribiko boluntarioak elkarlanean aritu dira erakunde horrekin.