Iñigo Aranbarrik urrea jantzi zuen, Javier Estevas-Guilmainek zilarra, eta Jon Pascual bosgarren geratu zen.
Ama Guadalupekoa Judo Taldeak bi domina lortu zituen joan den larunbatean Jostaldi pilotalekuan, Hondarribiko taldeak antolatuta egin zen kadeteen XXVI. Ama Guadalupekoa Nazioarteko Judo Txapelketan. Gorka Aranbarrik urrezkoa jantzi zuen -90 kiloetan, eta Javier Estevas-Guilmainek zilarra -60 kiloetan.
Aranbarrirentzat izan ziren jardunaldiko txalo zaparrada handienak. Finalerdia Carlos Centeno kantabriarraren kontra irabazi zuen, ia bederatzi minutuz luzatu zen lehia parekatuan. Apenas atseden hartzeko astirik gabe, finalerako deitu zuten, eta azken borrokan indar eta teknika erakustaldia eman zuen tatamian David Ruiz kanariarretako ordezkariaren aurrean. Bigarren urrea da Aranbarrirentzat hiru txapelketetan; Galiziako Super Kopan lortu zuen lehenengoa.
Estevas-Guilmainek zilarra lortu zuen -60 kiloetan, lau borroka irabazita eta finala Diego Fernandez madrildarraren kontra galdu eta gero. Jon Pascualek ezin izan zuen podiora igo; bosgarren geratu zen. Hondarribiarren entrenatzaile Alberto Perezen alabak, Eva Perez Collazok, urrea jantzi zuen Errioxako federazioa ordezkatuz.
Orotara, 400 judoka inguru lehiatu ziren Jostaldin, Euskal Herrikoak, Espainiako Estatukoak eta Andorrakoak.
Gorka Aranbarrik finala irabazi zuen unea (arg: Maialen Ramos / Nagore Otegi)