Gaur (asteazkena) estreinatuko dute Bilbon, eta Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumekoa izango da bisitatuko duen bigarren oholtza.
‘Dublindarrak’ obrako aktore taldea Garbi Losada zuzendariarekin
Ados Teatroa konpainiak James Joyceren
Dubliners lanean oinarritutako
Dublindarrak antzeztuko du igandean Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean. Gaur bertan estreinatuko dute euskarazko moldaketa, Bilboko Arriagan, eta beste bi egunez jarraian taularatuko dute Bizkaiko hiriburuan. Bilbotik Hondarribira mugituko dute obra, eta ondoren Donostiara eta Iruñera, besteak beste.
Igandeko emanaldia 20:00etan hasiko da, eta sarrerak dagoeneko salgai daude Arma Plazan eta
Interneten (8 euroan sarrera orokorra, 5 euro 18 urtetik beherakoena). Agortuko ez balira, igande arratsaldean salduko dituzte Itsas Etxean, baina ez litzateke harritzekoa igandea baino lehen papera bukatzea, oso azkar ari baita saltzen.
Joyceren obraren moldaketa da, literatura unibertsaleko maisulantzat jotzen den arren, antzerkira gutxitan eraman dena. Pasa den mendeko ingelesezko idazle onenetakoa da Joyce, eta
Dubliners bere obra nagusietako bat da, ezagunena
Ulysses-ekin batera.
Ipuin bilduma da
Dubliners, idazlearen gaztaroko Dublinen girotuta. Bildumako azken ipuinak,
The Dead (
Hildakoak), hilek bizidunengan zer eragin duten lantzen du, eta batez ere ipuin hori da
Dublindarrak obrak abiapuntu duena. Kontakizunak hildakoen lurralde bezala erakusten digu garai hartako Irlanda, non oroitzapenak egunerokotasuna baino biziago dauden eta hildakoek bizidunak menderatuta dauzkaten.
Dublindarrak. Fitxa teknikoa
Egokitzapena: Jose Antonio Vitoria eta Garbi Losada.
Zuzendaria: Garbi Losada.
Aktore taldea: Naiara Arnedo, Aitor Beltran, Isidoro Fernandez, Lierni Fresnedo, Asier Hormaza, Iñake Irastorza, Klara Mendizabal eta Asier Sota.
Sinopsia: Dublin, 1904 urteko Errege eguna. Adin eta sexu desberdineko maila ertain-altuko pertsonaia batzuk Morkan andereñoek bere egoitzan urtero antolatzen duten afarira iritsi dira. Morkan andereñoak musika irakasleak dira eta gau-jaiak kutsu musikazalea dauka. Giroa ezin hobea da. Kanpoan elurra dihardu baina barrualdean etxe-giro goxoa, janari atsegingarria, ohitura onak, lasaitasuna, anaitasuna eta umore ona arnasten dira.