Ohorezko Mailako taldeak Oiartzunen irabazi du bigarren itzuliko lehen partida. Erregionaleko neskek Anaitasunaren kontra galdu dute.
Hondarribia FE-ko nagusien bi taldeek emaitza oso desberdinak izan dituzte asteburuan. Mutilen taldeak Oiartzunen irabazi du bigarren itzuliko lehen partida. Erregionaleko neskek, aldiz, Anaitasunaren kontra galdu dute Azkoitian.
Ohorezko Mailako taldeak hiru puntu oso garrantzitsu lortu zituen larunbatean Oiartzungo Karla Lekuonan (0-1). Etxekoek baloiaren jabetza izan zuten, eta aukera gehiago sortu zituzten, baina ez oso garbiak. Hondarribiarren gola Olaetxeak lortu zuen (37. minutuan), areaz kanpotik eginiko jaurtiketa on baten bidez (
ikusi laburpen bideoa).
Bigarren itzuliko lehen partida izan zen eta hondarribiarrek arnasa hartzeko baliatu dute garaipena, Real Unionek eta Touringek galdu zutelako, eta Urolak berdindu (
ikusi sailkapena). Hurrengo partida etxean jokatuko dute berdeek, Hernaniren kontra.
Neskak, ezinean
Erregionaleko neskek ez zuten ezer onik ekarri igandean Azkoitira egindako bidaiatik, eta Anaitasunarekin galdu zuten igoera faseko bigarren partidan (6-1). Hondarribiarrak aurreratu ziren lehen zatian, baina atsedenaldiaren ondoren Anaitasunaren erakustaldia iritsi zen; ordu laurden batean 5 gol sartu zituzten azkoitiarrek.
Euskal Ligara igotzeko faboritoetako biren kontra jokatu dute lehen bi jardunaldietan eta bietan galdu (
sailkapena). Hurrengo norgehiagoka Bergaran dute; euren jokoa egin eta, ahal bada, puntuatu nahiko dute Hondarribiko neskek bergararren kontra.
Igoera faseko lehen bi partidak galdu ditu Erregionaleko taldeak