Klink elkartean bazkari solidarioa antolatu dute Lidia Yarza judokari Tokiora iristen laguntzeko. Uko egin dio ADO programari, ez duelako herria utzi nahi.
2016ko maiatzean munduko zerrendako hamasei onenen artean kokatu behar da Yarza (arg: Bangalore Foto)
Hilaren 27rako, bazkari solidarioa antolatzen ari dira Hondarribiko Klink elkartean. “A zer berritasuna!” esango du elkartea ezagutzen duenak, eta ez zaio arrazoirik faltako, elkartasun ekintza asko egiten baitituzte elkarte horretan. Baina oso desberdina da oraingoa, herriko kirolari bati laguntzeko eseriko baitira mahaiaren inguruan, Lidia Yarza Olaso 21 urteko judokaren olinpiar ametsari bultzada emateko. Berezia izango da bazkaria, eta are bereziagoa Iarzak egin nahi duena, herritik bertatik iritsi nahi baitu Tokiora, bide zailenetik.
Elkarte gastronomikoa da Klink, baina elkartasunari eskaintzen dio jardueraren zati handi bat, helburu horrekin sortu baitzen, orain 48 urte. Iaz, esaterako, bederatzi bazkari edo afari antolatu zituen, eta 33.766 euro jaso; hainbat erakunderen artean banatu zituen: Afagi, Hondarribia-Katsikas, Vicente Ferrer Fundazioa, Munduko Begiak, Salvamento Maritimo Humanitario, Katxalin, Ademgi eta Aspanogi. Horiez gain, beste 3.000 euro baino gehiago eman zituen laguntza humanitario gisa.
Bistan denez, Klinkentzat ezohikoa da hilaren 27an Yarzaren alde prestatuko dutena, baina Hondarribiko judokak egin nahi duena ere ez da oso normala. Tokioko Olinpiar Jokoetan lehiatu nahi du 2020an, baina uko egin dio Espainiak olinpiar kirolariei ematen dien ADO laguntzari, ez duelako joan nahi Valentziara bizitzera (Herrialde Katalanak); Hondarribian geratu nahi du. Horrek asko zailduko du haren ametsa, besteak beste, bere poltsikotik ordaindu beharko dituelako nazioarteko txapelketetan lehiatzeko gastuak, eta txapelketa horietan lortu beharko dituelako Tokiora joateko emaitzak.
Josema Nogueras Klinkeko arduradunak azaldu duenez, bide zail horretan lagundu nahi izan diote Yarzari: “Emakumea, gaztea eta etorkizuneko kirolaria da Lidia, atzean sari zerrenda luzea duena, eta Tokiorako sailkatzea du amets. Oso gutxi sailkatzen dira judoan, eta puntuak lortu beharko ditu nazioarteko txapelketetan; bidaia asko, eta gastu handia. Ahal dugun guztian lagundu nahi diogu”. Horretarako antolatu dituzte bazkaria eta zozketa berezia, dohaintzan lorturiko sari pilarekin. ‘0 lerroa’ deritzona ere martxan du Klinkek —elkartearen Facebook orrian kontsulta daiteke—, eta judokari laguntzeko izango da hilaren 27ra arte bertan biltzen dutena (
irakurri bazkariko xehetasunak).
Kirolariak, hasieran, ezetz esan zien ideiaren berri eman ziotenean: “Dezenteko lotsa ematen zidan, eta ezetz esan nien, ez nuela nahi bazkari hori antolatzerik. Baina Josemak azaldu zidan helburua zein zen, eta baietz esan dut azkenean, beharra dudalako eta nik ezin dudalako dena ordaindu”.
Alde psikologikoa funtsezkoa
Beheko mailetan sei aldiz izan da Espainiako txapeldun, eta gazte mailan munduko zerrendako zortzigarrena ere izan zen. Seniorra da iaztik, eta askoz lehiakortasun handiagoa dago maila horretan. Horregatik hasi da pisu arinagoan: “Aukera gehiago izango genuela ikusi genuen, eta 30 kilo galdu ditut urtebetean”. Erabaki horren ondorioz, judoa egiteko modua berriz ikasi behar duela nabarmendu du Yarzak: “Teknika berriak ikasi behar izan ditut, edo beste batzuk hobetu. Lehen azkarra nintzen aurkarien aldean; pisu berrian, berriz, normala edo besteak baino geldoagoa naiz, eta hori hobetzen ari gara”.
Yarzak badaki zer galdu duen Valentziako olinpiar zentroari ezetz esanda: “Jende askorekin entrenatzeko tokia daukate han, eta oso garrantzitsua da taldean lan egitea. Fisioterapeuta, medikua… dena ordainduta; nik Ibiliz fundazioaren bitartez lortu dut orain hori”. Erantsi duenez, ikasketak egiteko erraztasunak dituzte ADO beka jasotzen duten kirolariek: “Txapelketaren bat badute, ez dute justifikatu behar izaten, eta goizetan entrenamenduaren ondoren joaten dira klaseetara”. Hondarribian geratuta, ikasketen ordutegira moldatu behar izaten du entrenatzeko eta lehiatzeko, hori gabe ezin baita egon munduko onenen zerrendan.
Ronaldo Veitia entrenatzailearekin ari da prestaketa egiten. Yarza kadete zenetik dihardute biek elkarrekin, kubatarra Ama Guadalupekoa Judo Taldera iritsi zenetik; orain Bokken klubean ari dira biak olinpiar erronka prestatzen, Valentziatik jasotako eskaintzari ezetz esan eta gero: “Hemen ez bada, ez dut nahi; hemen ditut familia, taldea, lagunak. Bizitza normala eginez, judoa gehigarri bat izan dadin nahi dut; ez dut nahi nire bizitza judoa izaterik”. Entrenatzaileak, judokaren erabakia ulertzen du: “Ez da Valentzia, Madrid edo Espainiako Estatuan dauden maila handiko beste zentroetara joateari uko egitea, apustu bat baizik, Hondarribian jarraitu eta bertatik amets handi bat egi bihurtzeko apustua. Zaila dela? Baliteke, baina edozein lekutan entrenatzen litzateke zaila. Berak, kontzienteki, Euskal Herrian geratzea erabaki du, bertan entrenatzeko eta bide zail honetaz %100 gozatzeko”.
Pisu arinago batean lehiatuko da Yarza, eta pisu berrira egokitzen ari da (arg: Bangalore Foto)
Veitiaren ustez, eliteko kirolari batean alde psikologikoa funtsezkoa da, eta Yarza ez zen gustura egongo herritik kanpora: “Bere herria asko maite du, eta bertatik saiatu nahi du. Maider Unda arabarrak ere hala egin zuen, etxetik entrenatuz, artzain izateari uko egin gabe, eta domina olinpikoa lortu zuen. Lidiak ere etxetik konkistatu nahi ditu bere ametsak”.
Iaz lehiatu gabe egon zen hondarribiarra, pisu berrira egokitzen. Entrenatzaile kubatarraren arabera, momentuz dena ondo doa bere prestaketan: “35 kilo galdu ditu, baina pixkanaka egin du, modu osasuntsuan, gorabeherarik gabe. Une honetan, bere prestaketa garaia kontuan izanda, egon behar duen lekuan dago, eta pisu berriak eskatzen duen indarra eta abiadura lortzen ari da”.
Hamasei onenetako bat
2020ko maiatzean munduko hamasei onenen artean egon beharko du Iarzak Tokiora iristeko; aurtengo udaberrian hasiko dira puntuak pilatzen. 2018an nahikoa lan izango du pisu berrira egokitzen, baina gehiago nahi du: “Puntuak pilatzen hasi, eta Espainiako Estatuko lehenengoa izan nahi dut”. Asteburuan Nizara bidaiatuko zuen, bertako talde batekin Frantziako taldekako txapelketan parte hartzeko, eta otsailean, Lisboako eta Erromako irekietara: “Ez dira puntuagarriak, baina zerrendaburuak zehazteko balioko dute bi torneo horiek”.
Yarzak Hondarribitik zuzenean egin nahi du Tokiorako bidea, erronka askoz zailagoa izango dela jakinda ere: “Maite nauen jendeak, agian, maitatuko nau lortzen ez badut”. Etxekoen babesa du, eta hilaren 27an herriarena jasoko du, Klink elkarteak antolaturiko bazkarian. Bidelagunak beharko ditu Tokiora iristeko, eta herrian aurkitu ditu. “Sumatzen dut, eta indar handia ematen du atzean jendea izateak”.