Lurraldeen arteko lauko finala irabazita, denboraldi bukaera eta hurrengokoaren lehen fasea Euskal Ligan jokatuko ditu Kadete Mailako Ikasbasketek.
Hondarribia Ikasbasketeko kadeteen lehen taldea, garaipena ospatzen (arg: Euskadiko Saskibaloi Federazioa)
Pozez zoratzeraino azaltzen dira argazkian, eta ez da gutxiagorako, ametsa biribildu dutelako. Gipuzkoako Errendimendu ligan multzoko lehen postua lortu eta gero, lurraldeen arteko lauko finala irabazi du Hondarribia Ikasbasketeko kadeteen lehen taldeak.
Getxon (Bizkaia) jokatu dute lauko finala asteburuan, Bizkaiko ligako irabazle Askartza Claret taldearen etxean. Antolatzaileekin batera, Araski ordezkari arabarra, eta Gipuzkoako bi onenak, Ikasbasket eta Askatuak neurtu dira. Larunbatean finalerdiak jokatu zituzten eta Ikasbasketek Araski menderatu zuen (62-40). Atzoko finalean, hondarribiarrek ez zioten aukerarik eman beste finalerdiko irabazle Askartzari (63-34), eta erakustaldia emanez lortu zuten txapelketa.
Askartzaren kontrako garaipenarekin, hurrengo asteetan Euskal Ligako bigarren fasea jokatu ez ezik, 2018-2019 denboraldian lehiaketa horretan hastea ziurtatu du Hondarribiko taldeak. Hau da, lehen aldiz, Euskal Ligan hasiko du Ikasbasketek hurrengo denboraldia, eta ez Gipuzkoako ligan. Zorionak!