Ama Guadalupekoa Nazioarteko Judo Txapelketa izango da jokoan Jostaldin, 400 kirolarirekin. Espainiako A mailako Kopa gisa izendatuta dago.
Jon Pascual duela bi urteko edizioan. Domina lortzen saiatuko da aurten ere
Tatamiz beteko da asteburuan Hondarribiko Jostaldi pilotalekua. XXVI. Ama Guadalupekoa Nazioarteko Judo Txapelketa izango dute jokoan 400 bat kirolarik bihar. Bertan, Euskal Herriko, Espainiako Estatuko eta Andorrako kirolariek parte hartuko dute. Den-denak kadeteak izango dira, mailako elitea. Ama Guadalupekoa Judo Taldeak antolatu du jada mende laurdena gainditu duen lehia, Espainiako A mailako Kopa gisa puntuagarria dena.
Gaur akreditatzeko eta pisaketak egiteko jardunaldia izango da. Biharko 09:00etan hasiko dira lehiaren barruko borrokaldiak, 18:00ak arte. Aurretik, ordea, Mexikon auto istripuan hil zen Xabier Garmendia taldekide izandakoa omenduko dute.
Eta etzi, azkenik, Gipuzkoako Kimu eta Benjamin mailetako judoken topaketa egingo dute, goizez, Jostaldin bertan.
Amako zazpi ordezkari
Amari dagokionez, honako kirolarirekin lehiatuko da biharko torneoan: Unai Bermejo (-60 kilo), Javier Estevas-Guilmain (-60), Joseba Castello (-60), Jorge Fleta (-66), Daniel Rubio (-73), Jon Pascual (-81) eta Gorka Aranbarri (-90). Estevasek, Pascualek eta Aranbarrik badakite Espainiako kopetan dominak lortzea zer den, eta rankineko ohorezko tokietan jarraitzeko puntuatu nahiko dut. Baina, aurkariez gain, etxean lehiatzeak suposatzen duen presioa ere gainditu beharko dute podiora igotzeko; adin horretan ez da erraza izaten hori.
Hondarribiko klubeko entrenatzaile Alberto Perez errioxarraren alaba, Eva Perez (-57), bere federazioako kimonoarekin lehiatuko da; podiora igotzen saiatuko da Logroñokoa.