Ohorezko Mailako taldeak berdinketa inportantea lortu du Aretxabaletan, baina aurkariek sailkapenaren behealdea estutu dute.
Aretxabaleta eta Hondarribia ez ziren gai izan golik sartzeko (arg: Maider Arregi/Goiena)
Futboleko Ohorezko Mailako Hondarribia taldeak berdinketa inportantea lortu zuen atzo Aretxabaleta Ibarra futbol zelaian (0-0). Inportantea, sailkapenean gainetik dagoen talde baten etxean lortu zuelako, Aretxabaleta talde indartsua delako eta zelaian gehiago izan zelako, eta inportantea bigarren partida delako jarraian galdu gabe.
Baina ez da nahikoa, berdeen puntu beharra kontuan izanik. Azken zortzi partidetan bost berdinketa lortu ditu taldeak, baina garaipenik ez du erdietsi, eta berriro arazoetan sartu da.
Aurreko astean ez bezala, oraingoan aurkariek ez zioten guztiz lagundu Hondarribiari, Urolak eta Beti Gaztek irabazi zutelako, eta Vasconiak berdindu zuelako. Hala, lau talde elkartu dira 16 punturekin (Urola, Hondarribia, Beti Gazte eta Vasconia), Real Unionek bat gutxiago du (15), eta oso atzean, Touring 3rekin dago. Sailkapeneko hurrengo taldea Añorga da, 12. postuan 20 punturekin, eta jarraian beste lau talde daude 24 punturekin: Zarautz, Mutriku, Oiartzun eta Aretxabaleta (
ikusi sailkapena).
Oiartzunen hasiko du bigarren itzulia
Hurrengo asteburuan bigarren itzulia hasiko da. Lehen hamar jardunaldietan sailkapeneko erdian edo behean dauden zazpi taldeen kontra jokatuko du Hondarribiak. Horietan ahalik eta puntu gehien pilatzea funtsezkoa izango da, denboraldiaren azken laurdenari begira.
Datorren asteburuan Oiartzunera bidaiatuko du taldeak, mendeku gosez. Ligako lehen partidan 0-2 nagusitu ziren oiartzuarrak Hondartzan.