Hondarribia Arraun Elkarteko nesken trainerua hirugarren geratu da Portugaleteko jaitsieran, Deusturen eta Lea-Artibairen aurretik.
Hondarribiko arraunlariak atzo Portugaleten, denboraldiko lehen proban
Hondarribia Arraun Elkarteko nesken traineruak denboraldiko debuta egin zuen atzo Portugaleteko San Nikolas Jaitsieran. Urteko lehen proba izan zen eta hirugarren geratu ziren, bost ontziren artean. Arraun Lagunakek irabazi zuen proba (14:36), Orioren aurretik (14:49). Hirugarren sailkatu zen Hondarribia (14:55), eta haien atzetik izan zituen Deustu (15:00) eta Lea-Artibai (15:37).
Eskifaiak egindako lanarekin gustura geratu zen Iker Cortes prestatzailea: “Estropada ona egin dugu, asko hobetzeko daukagu oraindik, baina bide onetik goazela sentitu dut. Pozik eta harro nago taldearen errendimenduarekin”.
Neguan hasten da udara erreportajean Cortesek aurreratu zuen aurten ez zirela azkenak geratuko, eta lehen aukeran erakutsi dute hori.
Mutiletan, Ondarroa
Mutiletan, 11 traineru lehiatu ziren Portugaleteko jaitsieran. Ondarroak markatu zuen denborarik onena (19:07), bigarren Isuntza izan zen (19:26), eta hirugarren Kaiku A (19:40). Gipuzkoako ontzirik ez zen izan parte hartzaileen artean.
Laster izango da Hondarribian traineruak lehian ikusteko aukera. Otsailaren 3an Hondarribiko XVIII. Jaitsiera jokatuko da eta, noski, Hondarribia Arrauneko mutilek eta neskek bogatuko dute egun horretan.