Hondarribia baino gehiago izan da Eibar
Erregionaleko taldeak porrot batekin hasi du igoera fasea. Eibar nagusi izan da baina hondarribiarrek bajak nabaritu dituzte.
Porrot batekin hasi du Hondarribia Futbol Elkarteak Euskal Ligarako igoera fasea. Eibarren kontra galdu zuten Ainhoa Iñarraren neskek (0-2), atzo arratsaldean Hondartzako belar artifizialeko zelaian jokatutako partidan. Euria izan zen protagonista, bota eta bota aritu baitzen partida hasieratik bukaeraraino, eta putzu handiak sortu ziren zelaian, baloiaren kontrola zailduz. Hondarribiak hutsune garrantzitsu batzuk zituen eta nabaritu zen, batez ere zelai erdian, eta lehen unetik Eibar egin zen baloiaren jabe. Lehen zatian aukera garbi batzuk izan zituzten armaginek aurretik jartzeko, baina ez zuten asmatu, eta hasierako husnakoarekin joan ziren bi taldeak aldageletara. Bigarren zatian, baina, Hondarribiak ezin izan zion Eibarren astinduari eutsi, eta bi gol jaso zituen. Hondarribiarren entrenatzaileak onartu zuen Eibar nagusi izan zela: “Teknikoki ekipo ona direla erakutsi dute, ez digute jokatzen utzi, eta ahal izan duguna egin dugu baloi guztiak borrokatuz. Eguraldiak ere ez digu lagundu, baina eguraldia bi taldeentzat izan da txarra, beraientzat ere”. Hurrengo jardunaldian kanpoan jokatuko dute hondarribiarrek, Anaitasunaren zelaian. Sailkatze ligaxka Eibarrekin berdinduta bukatu zuten azkoitiarrek, eta igoera fasea Bergaran irabaziz hasi dute. Partida zaila izango dute, hortaz, Hondarribiko neskek.